Hondarribiko zortzikoak ezustekoa eman nahi du aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketan
Aulki Mugikorreko lineako Euskadiko Txapelketa egingo dute bihar Legution (Araba) eta bertan izango da Hondarribia Arraun Elkarteko lemazaindun zortzikoa. Hondarribiko ontzia honako arraunlariek osatzen dute: Julen Castrillon, Ugutz Bilbao, Beñat Eguiazu, Meltxor Amunarriz, Borja Oiarzabal, Jon Muguruza, Manex Aldai, Iñigo Sagarzazu eta Iker de la Linde lemazaina. Bataz beste 21 urte dituzte. “Arraunlari guztiak harrobikoak dira, beheko mailetatik arraun elkartean aritutakoak. Oso talde gaztea da, proiekzio handikoa, eta elkartean ilusio handia dugu egin haien etorkizunaz”, esan du Edorta Kanpandegi HAEko ordezkariak.
Azken urteetan hondarribiarrek irabazi dute txapelketa baina Kanpandegik onartzen duenez aurten Orio da faborito. “Oriok talde oso indartsua du aurten, Espainiako selekzioarekin aritzen diren bi bizkaitar fitxatu dituztelako. Naguko txapelketak irabazi dituzte eta lineakoetan ere faborito dira”.
Hala, ostegunean Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen eta Oriok irabazi zuen, etxean. Hondarribia bigarren sartu zen, 10,03 segundora eta ia denbora berean sailkatu zen hirugarren ontzia, Santiagotarrak elkartekoa. Segundo erdia atera zioten berdeek irundarrei. Laugarren Zarautz sartu zen helmugan. Neguko txapelketetan ere, distantzia luzean, Oriok lortu ditu Gipuzkoako nahiz Euskadiko txapelak eta Hondarribia bigarren geratu da bi txapelketa horietan.