Lagun ugari espero dituzte gaur eta bihar Eskulangintza Azokan
Hirugarren eguna beteko du gaur eskulangintza azokak. Goizeko hamaiketan zabaldu ditu ateak eta hasi da jendearen joan etorria. Antolatzaileak pozik daude azokaren harrerarekin eta urtero moduan ehunka lagun pasa dira dagoneko bertatik. Jone Idiazabal Ereintzako kidea da eta Euskal Herriko Eskulangintza Azokaren antolatzaileetako bat, eta artisauen lanarekin zein jendearen parte hartzearekin oso pozik azaldu da: “Egia da jendea gehienbat ostegunean izan zela eta atzo zertxobait jeitsi zela bisitari kopurua lan eguna zelako. Gaur eta bihar berriz jende asko hurbiltzea espero dugu”.
Antolatzaileak pozik erantzunarekin. Izan ere ez da alperrikakoa 36 urteko esperientzia eta horrek Errenteria-Oreretako Artisautza Azokari eman dion erreferentzialtasuna. Artisauak ere pozik jendearen erantzunarekin eta antolatzaileen lanarekin.
Maria Elorriagak stand onenaren saria irabazi dudu
Eta pozik bereziki Maria Elorriaga, Isabel ahizparekin batera Matxi Glas Design lantegia dute eta euren erakusmahaiak eraman du azokaren onenaren aurtengo saria. 250 euroko diru saria eta diploma jaso dute Elorriaga ahizpek. Maria dago eskulangintza azokako postuan, Ahizpa Bilbon duten dendan gelditu delako. “Ilusio izugarria egin dit saria eskuratzea, mundu honetan bederatzi urte daramagulako”, esan du Mariak. Postua beraiek diseinatutakoa dela azaldu du, “argitsua egite aldera, nahiz eta artisaua izan, egunerokotasuna emateko”. Beira lantzen dute Elorriaga ahizpek. Eraztunak, belarritakoak, eskumuturrekoak… hamaika kolore eta forma eta bakoitza bakarra, “hori duelako artisautza lanak, bakoitza bakarra da, ez dira bi berdin” gaineratu du Elorriagak. Mahai aurrean hamaika lagun elkartu dira. Erosi ere erosi dute. Laugarren urtea da eskulangintza azokan parte hartzen dutela eta antolaketa primerakoa dela nabarmenduta, jendearen erantzuna ere paregabea dela esan du, “saldu ere saltzen dugu, ezin kexatu harrera paregabea dute guk egindakoek. Batez ere, belarritakoak eta eraztunak saltzen ari gara”.
Jose Pablo Arriagarentzat, kalitateari emandako saria
Artisau produktuaren kalitateari emandako saria Markinako Jose Pablo Arriagaren Artxibo lanak jaso du. Ikerketa eta esperimentazioa, bai materialetan baita ekoizpen tekniketan baliatu izana baloratu dute epai mahaiko kideek Arriagaren lana aukeratzeko garaian. Diseinua eta estiloa ere izan dute kontuan, eta aldi berean erabilgarritasuna. Kalitate artistikoa eta azkenik produktuaren lanketa eta akaberaren fintasuna ere aintzat hartu dituzte.
Jose Pablo Arriagaren Artxibo lanak jaso du onenaren saria
350 euroko diru saria irabazi du horri esker Arriagak eta diploma. “Sariak zure lana baloratzen dela erakusten du. Euskal eskulangintzatik gatoz aitonak kutxa tradizionalak egiten zituen”. Standean ama eta seme alabak irudikatzen saiatu dela esan du Arriagak: “Ama Euskal Herriko kutxa tradizionala litzateke eta beste biak seme-alabak. Artisautza geroz eta gutxiago egiten dela ikusita, galtzear dagoela, irabazi duen kutxan pergamino moduko artxiboak egin ditugu, kutxa tradizionalen sinbologiak ipinita”.
Emaitza kutxa oso berria, baina motibo tradizionalez jantzia izan dela azaldu du Arriagak, “eskultura tradizionala eta kontzeptuala nahastu ditut”.
Aitarekin batera etortzen omen zen Arriaga haurra zenean eta tailatzen aritzen omen zen eskulangintza azokan, baita bere anaia ere, “30 urtean etortzen aritu naiz”. Nahiko kritikoa azaldu da eta ladaketaren beharra nabarmendu du Arriagak. Artisauen errua ba omen da “erosotasun batez postua jartzen ohitu garelako, ia ia gabonetako formatua bihurtu da eta artisautza serioko feriak antolatzeko aldaketa asko egin behar dira. Esan beharra dut Oreretakoa helburua hoprrekin ari direla eta ahaleginak ikusten dira. Hori da bidea, aldaketa ezean artisautza hil egingo delako”. Saldu ere, gutxi saltzen dutela ferian esan du Arriagak, baina sariak izena mantentzen eta ateak zabaltzen lagunduko diola argi du.