4.000 tona antxoa harrapatu dituzte orain arte Gipuzkoan eta Bizkaian
Batez beste 1,72 euroan saldu da kiloa, eta datozen asteetan salneurriak gora egitea espero du sektoreak
Eusko Jaurlaritza gustura dago aurtengo antxoaren arrantzaldiko sasoi hasierarekin. “Hasiera ona izan da harrapaketei dagokienez; 4.000 tona antxoa baino gehiago harrapatu dira, eta kiloa batez beste 1,72 euroan saldu da”, esan zuen atzo Getarian Arantxa Tapia sailburuak. Hemendik aurrera harrapaketek gora egitea espero dute sailean: “Eta antxoaren batez besteko prezioa egokitzea, guztion beharrei eta interesei erantzun ahal izateko, kontsumitzaileena, kontserba industriarena eta bereziki arrantza sektorearena”.