Bi herrietako senidetze batzordeko eta udaletako ordezkariak
Bi hamarkada bete ditu aurten Oiartzun eta Kareez (Bretainia) herrien arteko senidetzak eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bretainiatik ordezkaritza bat etorri da Oiartzuna eta ostegunetik bihar arte egingo diren ekitaldietan parte hartzen ari dira. Gaur bi udalen arteko senidetzaren 20. urturrena ospatu dute Oiartzungo udaletxeko areto nagusian.
Kanpandorreko erlojuak ordubata seinalatu duenean abiatu da bretoien taldea bibliotekatik udaletxe aldera. Aurretik, bi kide Bretainiako eta Euskal Herriko banderak elkartuta, eta atzetik, musikariak, Karaezeko Udaleko ordezkariak eta ordezkaritza osatzen duten beste pertsonak. Udaletxean zain zituzten Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkatea eta Asier Legorburu Kultura zinegotzia, baita senidetza batzordeko hainbat kide, eta beste herritar batzuk.
Alkateak eman die ongi-etorria eta duela hogei urte eta hori baino lehenago karaeztarrek oiartzuar iheslari politikoak herrian jaso izana eskertu die: “Hogei urte bete dira, baina senidetze hau ez zen egun batetik bestera sortu”. Perez de San Romanek adierazi du “desberdintasunean, komunean asko” dutela bi herriek, “Karaezek Oiartzunek, Bretainiak eta Euskal Herriak”, eta gaineratu du borroka berean ari direla: “munduan dagokien tokia aitor diezaieten buru belarri lanean”.
Alkateak esandakoak frantsesez irakurri ditu Legorburuk eta ondoren Karaezeko Udaleko Marie-Antoinette Quillerou ordezkaria mintzatu da, Karaezko alkatea ezin izan baita Oiartzuna etorri. Martxoan egin dituzte udal hauteskundeak Bretainian eta estreinekoz ari da Quillerou udalean, baina bere aurrekoei egin die aitortza. “Adiskidetasun hori gabe, ez ginen hemen egongo”, aitortu du.
Ekitaldia bukatzeko senidetzearen 20. urteurreneko plaka oroigarriak partekatu dituzte eta bretoiek eskuz egin eta marraztutako plater bat eman diote alkateari, beste hainbat opariren artean. Eskertua,
bonnet rouge-a jantzi du Perez de San Romanek. Egun Bretainian darabilten borrokaren barruan desberdinen arteko batasunaren ikur bilakatu da gorri koloreko txanoa eta txaloka hartu dute areto nagusian zeuden karaeztarrek alkatearen keinua, eta beraiek ere jantzi dute euren
bonnet-a.