San Pedro eta San Martzial jaietarako txosnen eskariak egin daitezke
Irungo Udalak jakinarazi du San Pedro eta San Martzial jaien barruan txosnak jarri nahi dituztenek, eskaera egiteko epea zabalik dutela, hilaren 16ra arte. Udalak berretsi du txosnak Ficoban jarriko direla, “eta salbuespen egoera horren aurrean, txosnak alokatzeak dakarren gastua bere gain hartuko du udalak”, esan dute udaletik. Horrez gain, urtero jarri behar den fidantza 600 eurotik 300era jaitsi dutela esan dute, eta sei txosnarentzako tokia izatetik, 8ra pasatuko dela kopurua.
Deialdia Jaurlaritzako Elkarte eta Kirol Erakundeen Erregistroan dauden elkarte eta eragileei dago zabalik, betiere Irunen egiten badute euren jarduera. Aldi berean ikastetxeei eta hezkuntza zentroei begirakoa da ere deialdia.
Zortzi tokiak zozketa bidez esleituko dira. Zozketarako onartuak izan diren eskatzaileen zerrenda hilaren 21an azalduko dute Kultura eta Kirola sailaren egoitzan, nahiz udalaren webgunean. Zozketa hilaren 28an egingo dute, eta nahitaezkoa izango da bertan sartuta dauden entitateen ordezkari bana gutxienez bertan egotea.