Kai Zaharreko hondartzetan egin zuten hondarrezko irudien proba
Joan den igandean egin zuten 2014ko Herri Olinpiadetako hirugarren jardunaldia. Madalen plaza utzita, Butroi pasealeku aldera eraman zuten azpiegitura guztia, txirrindularitza eta itsasoko probak egiteko. Gazteak Santiago kaletik joan direla aprobetxatu dute brigadakoek eta bertan eragindako kalteak zenbatu dituzte. Dagoeneko Barrio Txinokuek jaso dute faktura —eta Eskiletako abortuek eskailera mekanikoena—. Antolatzaileek uste dute igandean bildutako diruarekin bi fakturak ordaintzeko iritsiko dela: “Ez dakigu zenbatetan dagoen peso mexikarraren kanbioa, baina esan digute asko balio duela””.
San Marko eguna zela-eta, jardunaldia prestatzeko bilera Guadalupen egin zuten eta, bide batez, uretako probetarako eguraldi ona eskatu zioten santutegiko apaizari. Honek eskaera zegokionari bideratuko ziola agindu zien, eta bakean joan ziren denak. Gauza da, uretako probak zirenez, ura beharko zela ulertu zuela apaizak eta horregatik euritan esnatu zen igandea.
Bigarren jardunaldian bezala Koldo Emeryk eta Jonas Ormaberak izan zuten mikroaren ardura eta DJ Kanupi jarri zen soinu mahaiaren atzean. Zer esan haien lanaz, ordainezina. Hizlariak Psilocybek utzitako mikroekin aritu ziren eta ostiralean Mendelun kontzertu handia egon zenez, denboraz nahiko larri ibili ziren materiala lortzeko —soinu ekipoa lortzeko esan nahi dut—; besterik aurkitu ez eta Ormaberak hardcore estiloko abeslariek erabiltzen duten mikroarekin aritu zen Butroi pasealekuko narrazioa egiten.
Korrokoiak, denbora galtzen
Azalpenak ondo barneratu ez zituenik izan bazen, Korrokoien kasu, ez baitzuten ulertu aurrena lasterketa eta ondoren motelketa egin behar zirela. Beraiek bi motelketa prestatu zituzten, eta hala, lasterketa ahalik eta polikien egiten saiatu ziren, katea puskatuz, bigarren bizikleta bat erostera joan eta horrekin ari zirela katea berriro bere lekutik ateraz, kaskoa buruan sartu aurretik lotuz… Baina irribarre onenaren saria irabazi zuten lasterketan, merezita: hori da dena gaizki atera eta umorearekin hartzea! Ordainean, sailkapeneko lider izaten utzi diete.
Lehorrekoak eta itsasokoak
Ahaztu zaigu zehaztea zein proba izan ziren eta zein ordenan. Aurrena txirrindularitza probak egin zituzten, aipatutako bi horiek, lasterketa eta motelketa. Lasterketan Butroi pasealekuko zati batean —denean eginez gero nekatuko ziren— errelebo proba egin zuten txirrindulariek, eta motelketan, Uxoatik Bentako parkinera jaisten den malda ahalik eta polikien egin behar zuten. Txirrindularitza probekin batera, hondarrezko irudien proba hasi zen. Bi orduz, ahalik eta eskultura polit, original eta onena egiten saiatu behar zuten olinpiadetako hemeretzi taldeek. Txirrindularitza eta hondartzako probak amaituta, batelen estropada izan zen, zazpi txandetan banatuta.
Aurreko olinpiadak Pekinen izan zirenez, probetako azalpenak itzultzeko zailtasunak eduki dituzte antolatzaileek, txineraz idatzita zeudelako. Txinako hiriburuan bizi izan denez, Judas Arrietari laguntza eskatu zioten baina oso lanpetuta dago olinpiadetako komikiak egiten eta, azkenean, Google Translator aplikazioarekin moldatu dira nolabait, horrek duen arriskuarekin. Hala, beste eguneko lasterketan talde bakoitzak bizikleta eta kasko bakarra erabili behar zela, motelketan hogei metroko ibilbidean lurra ukitzen zuena kanporatuta geratzen zela edota hondarrezko irudien proban Arrantzale auzoko obrako eskabadorak erabil zitezkeela, hori azaltzen zen Translatorrekin euskaratutako testuan, erokeria! Eskabadora bila, baina, inor ez zen ausartu, bezperako triki poteoan inguruko tabernetan zerbait ordaindu gabe zegoelako susmoa zutelako talde guztiek.
A! Horrekin lotuta, oharra pasa digute Batzorde Olinpikotik eta bertan azaltzen denez dagoeneko heldu den urterako proba berri bat sartuko dute olinpiadetan. Hala dio oharrak: “Ikusita kirolariek olinpiadetako probetan baino gehiago triki poteoan jartzen dituztela ilusioa eta kemena, triki poteoa proba olinpiko bezala onartzea erabaki dugu”. Hori bai, proba laburra izango litzateke, gehienez sei-zortzi ordukoa, aurtengoak baino laburragoak. Aurten exhibizioko kirol gisa ageri da triki-poteoa egitarauan, baina datorren urtean puntuagarria izango da hortaz. Exhibiziokoa izan arren, Europako eta munduko errekorra hobetu du baten batek aurten.
Argazkiz nahiz bideoz
Batelen estropadekin bukatu zen 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadetako hirugarren jardunaldia. HITZAk argazkilari talde handia bildu zuen estropada lehorretik nahiz itsasotik jarraitzeko. Argazkilari asko baina kamara bakarra, lastima.
Telebistako kide bat lanean
Ezin da gauza bera esan Olinpiadak TB-koez, hori bai despliegea. Bi kamera arrunt —besteekin konparatuta behintzat arruntak ziren—, eta beste hiru kamera txiki. Batekin txirrindularitza probak (bizikletan itsatsita) eta batelak grabatu zituzten, patroiak soinean jarrita; estropadak beste kamera batekin ere jazo zituzten (surf taula bat erabiliz, surflari eta guzti); eta beste batekin saiatu ziren airetik irudiak hartzen. Azken horrekin ez zuten hainbesteko zortea izan, ez zutelako aire presioarekin asmatu. Entzuna genuen mini-barretan iaioak zirela telebistakoak baina, itxuraz, milibaretan ez dira hain onak. Saiatu ziren, baina globoak erortzen zitzaizkien eta urazpiko irudiak baino ez dituzte kamara horrekin lortu: Malaysian Airlines jartzen duen metalezko kutxa bat, Afroditaren tenpluaren aztarnak… huskeriak.
HITZAk ere itsasotik egin zituen argazki batzuk (milesker Xinboren kapitaina!), baina hirugarren txandaren ostean ontzi patruilaria etorri zitzaigun. Ziotenez, Espainiako bandera eraman behar da barkuan, eta ez piratena, eta “ignorantia juris non excusat” esan eta eskuak altxatzeko eskatu ziguten. Bistan da, telebistakoen globoak eutsi behar genituenez ezin izan genituen besoak jaso eta atxilotu gintuzten. Dena galduta zegoela ematen zuenean norbaitek narkoak ginela esan zuen eta orduan barkamenak eskatu eta joaten utzi ziguten.
Bitartean iritsi zen estropadaren amaiera. Antolatzaileek zenbaketa egin zuten eta bateletan joan ziren guztiak lehorreratu zirela konprobatu zuten. Hori poza! Esateko eskatu digute arraun elkarteko kideak aritu zirela proban laguntzen, parte hartzaileei nola bogatu erakusten eta patroi lanak egiten. Hondarrezko irudien probako epaimahaiari ere esker mila antolatzaileen partetik, eta doala aitortza hori herri olinpiadak berriro antolatzen lagundu duten guztiei. Biba zuek!
Hori da igandean gertatu zen guztia, edo behintzat hala kontatu digute. A, bai, Tximista taldeak irabazi zuen, baina hori gutxienekoa da.