Denak Oiartzunen kontra Herriarteko Eskuzko Gipuzkoako Pilota Txapelketan
Hilaren 11n abiatuko da Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketa. Iaz, Oiartzun izan zen irabazlea, hortaz, oiartzuarrak izango dira garaitu beharreko arerio nagusia. Final hamaseirenekin hasiko dira lehiak; bertan ez da Oiartzun izango, final zortzirenetan sartuko baita lehian, Zumarraga-Zaldibia kanporaketatik irabazle ateratzen denaren kontra. Errenteria-Oreretak bai, final hamaseirenetan hasiko du bidea, hilaren 11n joaneko partida izango du Bergaran, eta itzulerakoa 18an Errenteria-Oreretan. Finala uztailaren 16an jokatuko dute.
Herrialdeko herrien arteko lehia palan ere jokatuko dute. Bertan izango dira Errenteria-Oreretako eta Oiartzungo taldeak. Errenteriakoak final laurdenak (lehen erronda da) hilaren 18an eta 25ean jokatuko ditu Andoainen kontra, eta Oiartzunek, data berberetan, Olaberriari egingo dio aurre. Dena ondo bidean, finalean bakarrik gurutzatuko lirateke bi herrietako taldeak, ekainaren 15ean.
Zesta puntako herriarteko txapelketa ere egingo dute. Bertan ez da Oarso Bidasoko ordezkaririk izango.