
Bidasoan Euskaraz pala txapelketa
Euskararekin hitzordu garrantzitsua dute Bidasoaldeko bizilagunek asteburu honetan. Izan ere, X. Bidasoan Euskaraz jaialdia antolatu dute bihartik igandera bitartean, Pausun. Antxeta Irratiak, Berttoli elkarteak eta Xaia ostatuak elkarlanean antolatu dute Bidasoaldeko euskararen aldeko festa.
Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko kazetariak azaldu duenez, helburua da “euskal espazio bat sortzea asteburu batez Pausu auzoan”. Hala ere, helburu zehatzak ez dituztela finkatu adierazi du Zapirainek “ekitaldia ondo ateratzea” baita xede nagusia. Hala, “aurten ere aurreko urtetan bezain arrakastatsua izatea espero dugu”, gaineratu du.
Bultzada
Antolatzaileek Bidasoaldeko bizilagunak Hondarribira eta Irunera joateko joera asteburu batez alboratzea gustatuko litzaieke. Izan ere, “eskualde guztia kontuan hartuta Irunera edo Hondarribira jotzen dugu”, adierazi du Zapirainek, “eta Hendaiak eta Urruñak bultzada behar dute. Tokiko irrati bezala herri guztien arteko oreka bat mantentzen saiatzen gara”, gaineratu du.
Hala, parte hartzaile kopuru zabalena Urruñatik hurbiltzen dela aitortu du kazetariak: “Azkenean, Urruñan gaude eta Xaia ostatua oso sustraitua dago herrian. Hala ere, beti lortzen dugu hiru edo lau herriak parte hartzea eta festara etortzea”.
Gutxi ospatzeko
Bidasoan Euskaraz festaren 10. ekitaldi honi garrantzia berezirik ez diote eman nahi izan antolatzaileek. “Zoritxarrez, euskararen egoera ez da asko aurreratu eta ez genion ezer berezirik eskaini nahi 10. ekitaldiari” adierazi du Zapirainek. Egoera honi buelta emateko bidean, asteburu honetako ekintzetan parte hartzera animatu nahi izan ditu bidasoarrak: “eskualdeko izaera daukan festa bat da, zubiaren alde bateko zein besteko bizilagunak topatzen garelako bertan, euskarak batzen gaituelako eta hori delako benetako berezitasuna”.
Horiek horrela, pala txapelketa eta kantu afaria ekintza arrakastatsuenak izaten ohi direla onartu du kazetariak. Iaz hala ere, “pintxo eta ardo dastaketara inoiz baino jende gehiago” hurbildu zela adierazi du.
Bihar
- Kantu afaria Xaia ostatuan
Etzi
- 18:00 Pintxo lehiaketa eta Euskal Herriko ardo dastaketa, Imuntzo eta Belokiren parte hartzearekin
- 22:00 Jam session
Igandea
- 10:00 Pala txapelketako finala
- 11:30 Mutxikoak
- 13:00 Bazkaria Xaia ostatuan