Duintasun martxa
Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin dute ESK, CGT, Eilas, CNT eta Cobas sindikatuek. Hala, 10:00etan jarri dute ordua, Errenteria-Oreretatik Donostiara martxan joateko. Zumardian elkartuko dira. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.
Gogorarazi dute Espainiako Gobernuak “tonu baikorrean” emandako datu makroekonomikoak “enpresa handien kontuen errekuperatzea soilik” azaleratzen dutela, eta langileen ekonomiarentzat “prekarietatea, langabezia eta pobrezia” esan nahi dutela.
Euskal Herriko datuen berri eman dute: %17,6 langabezia tasa, 230.000 lagun lanik gabe, eta horietatik %40 gazteak.
Egoera horri buelta emateko egungo sistema sozial eta ekonomikoa aldatu behar dela aldarrikatu dute, eta kalera atera behar dela. “Lanaren banaketa eta aberastasunaren banaketa da krisiaren irtenbide bidezkoa”. Hori izan zela joan den martxoaren 22ko Duintasun Martxen aldarria esan dute, eta orain ere kalera aterako direla.
Mobilizazio horrekin bat egin duten eragileen berri ere eman dute: Ezker Anitza, Zintzilik Irratia, Ahal Dugu, Oarso Taldea, Gorripidea eta Antikapitalistak.