Azken Portu kiroldegiak waterpoloko Espainiako 2. mailara igotzeko Ipar Eremuko kanporaketa hartuko du aste honetan, ostiraletik igandera bitartean. Zazpi taldek parte hartuko dute lehian, tartean, Bidasoa XXI talde irundarra. Maiatzaren 2an ostiralarekin ekingo diete partidei, 16:00etan hasita.
Zentzu honetan, Irungo Udalak eskaintza turistiko berezia diseinatu du talde bisitarientzat eta herrira hurbil daitezkeen zaleentzat zuzenduta. Bertan, hotelak eta landa turismoak, zein Irungo zenbait jatetxeetarako eskaintza bereziak lotu ditu Irun Dastatu plataformarekin.
Irungo Udalaren webgunean kontsulta daiteke eskaintza.
Lehiaketak kiroldegiaren ohiko funtzionamenduan zenbait aldaketa ere eragingo dituela adierazi dute udaletik. Hala, ostiraleko 15:00etatik abiatuta igandeko 14:00ak arte igerilekuak eta spa erabiltzaileentzako itxita egongo dira. Halaber, ostiral arratsaldeko Pinguino eta Ezapata-arrain ikastaroak Artalekura lekualdatuko dituztela jakinarazi dute.