Pasaiako elkarteetako eta udaleko ordezkariak, gaurko aurkezpenean
Bosgarrenez egingo dute maiatzaren 10ean Pasaiako Elkarteen Eguna, Trintxerpen. Aurreko lau urteetan Pasaiako barruti guztietatik bira egin ondoren, berriz ere Trintxerpen hasiko du ibilbidea udalerriko elkarteen lanaren berri emateko balio duen egunak. Arratsaldean egingo dituzte ekintzak, 17:00etatik aurrera, hiru gunetan banatuta: kai aldea ( 3. gunea), Serafin Esnaola plaza (1. gunea), eta Gudarien Enparantza (2. gunea). Gaur aurkeztu dute eguna herriko elkarteetako nahiz udaleko ordezkariek.
Haurren parte hartzerako jaia izaki, haur horiek hiru taldetan banatuko dituzte adinaren arabera, bakoitzak ordu batean gune batez goza dezan: 5-7, 8-10 eta 11-12 dira adin tarteak. Lehenek bigarren gunean hasiko dute bidea (Gudarien Enparantzan), 8-10 adin tartekoek lehen gunean (Serafin Esnaola plazan), eta 11-12 tartekoek hirugarrenean (kaiko aldean).
Gune bakoitzean hainbat jarduera egingo dituzte, honakoak:
- Lehen gunean (Serafin Esnaola plaza): Ekaitza, Boveda, Fama eta Txassis taldeen eskutik jolasak eta dantza tailerra egingo dituzte. 20:00etan amaierako festa egingo dute bertan, eta tailerrean ikasitako dantza Lipdub moduan dantzatuko dute.
- Bigarren gunean (Gudarien Enparantzan): Trintxer Hockey KEk eta Donibane KJKEk hockey-a (stick edo makilak haurrek egingo dituzte) eta triala egiteko emango dute. 5-7 adin tarteko haurrek euren bizikleta eraman behar dute.
- Hirugarren gunean (kirol gunea, kaian): Itsas Gelak, eta Pasai Donibane Koxtape, Illunbe eta Sanpedrotarra arraun elkarteek arrauna, piragua eta tailerra egiteko aukera emango dute. Haur gazteenek lehorrean egingo dute arraun, ergometroekin.
Begiraleen Eguna, egitarauaren barruan
Maiatzaren 10eko festarako 200 bat haur —iaz Antxon egin zen festan kopuru hori bildu zen— espero dituzte, eta horien zaintzan eta aholkularitzan 50 bat begirale egongo dira, 10 taldetakoak. Aurreko urteetan, Begiraleen Eguna beste egin batean egiten bazuten ere, aurten Elkarteen Egunaren egitarauaren barruan txertatzea pentsatu dute antolatzaileek. Bi egun horiek Pasaiako Udalak eta elkarteek elkarlanean antolatzen dituzte, E! Hemen gaude, pasa hitza egitasmoaren barruan.
Egitasmo horren helburuen artean daude Pasaiako elkarteen dinamikak bere onera ekartzea dituzte beharrei erantzunez, horien eskaintza zabaldu asmoz; udalaren eta elkarteen harremana eta komunikazioa hobetzea, eta haurren eta nerabeen eskubideak —hizkuntz eskubideak barne— betetzen direla bermatzea.