Neurria luzerako hartu dute
Donostia kalea eta Madalen karrika lotzen dituzten eskailera mekanikoak gelditu ditu udalak, eta denbora luzez jarraituko dute horrela, azpiegitura horrek dituen arazoak zehaztu eta horien konpontzeko ardura norena den jakin arte behintzat. Azpiegiturak ateratzen duen zarata geroz eta handiagoa zen eta mantenu lanak ugarituz joan dira, baina emaitza onik gabe.
Aurten lau urte beteko dira Madaleleneko eskailera mekanikoak eraiki zituztela. Hori horrela, udalaren gain geratuko da haien mantenua eta horren aurretik txosten teknikoa eskatu dutela azaldu du gaur goizean Aitor Kerejeta alkateak. Eta emaitza bistakoa dena izan da: “gauza batzuk ez daude ondo” eta “zarata handia ateratzen du”.
Horregatik, azpiegitura geratzea erabaki du udalak, eskailerak eraiki zituen enpresarekin eta orain arte mantenuaz arduratu direnekin gertatzen dena aztertzeko. “Udalak ezin du egoera onean ez dagoen instalakuntza bat jaso, beti ere Hondarribiaren alde begiratu behar du. Egoera konpontzen den bitartean, eskailerak geratuta egongo dira, bizilagunei sortzen zizkieten molestiak gehiegizkoak zirelako” gaineratu du alkateak.