Aiako Harrian bizi ohi diren hegaztiak ezagutzeko jarduera antolatu dute Lapurriturriko Informazio Gunean, maiatzaren 10erako. Irungo Udaleko Ingurumen arloak eta Behemendi Landa Garapenerako elkarteak elkarlanean antolatutako ekintzak dira Lapurriturrin burutzen direnak. Aurtengo denboraldia ofizialki ekainean irekiko duten arren, aurrerapen gisa egingo dute irteera.
Hegaztien munduko aditu batek lagunduta burutuko dute lehen irteera. Hegaztiak beren formagatik zein kantuagatik identifikatzen saiatuko dira interesatuak. Aiako Harrian bizi ohi diren hegaztiak ezagutzeaz gain, migrazioaren ondorioz eskualdea zeharkatzen ari direnak identifikatzen saiatuko dira parte hartzaileak. Hortaz, prismatikoak eta hegaztien inguruko gida bat eramatea gomendatu dute antolatzaileek.
Mendi irteera honetan parte hartu nahi duten lagunek bihartik maiatzaren 8ra bitartean izena eman ahal izango dute, 010 telefono zenbakian edota tokiko gobernuaren
webgunean. Maiatzaren 10ean finkatu dute hitzordua, 09:00etan.