Erronka berria du Emarrik
Aurten ez da nesken harri proba txapelketarik izango. Baina Emarri taldeak —Oiartzungo, Lezoko eta Astigarragako emakumeek osatzen dute taldea— baditu esku artean erronkak. Garrantzitsuena maiatzaren 17an Aian egingo dutena: Ibarrako taldearen kontra neurtuko dira zortzi emakume 550 kiloko harriarekin, jokoan 3.000 euro dituztela. Apirilaren 16an hitzartu zuten apustua.
Hamar minutuko bi txandatan, Emarrik edo Ibarrak nor plaza gehiago egin da apustuaren oinarria, bi taldeak batera lehian. Bi txanden artean hamar minutuko atsedenaldia hartuko dute. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak arautuko du proba.
Apustuaz gain, badute lana Emarriko kideek. Izan ere, Oiartzungo Gure Esku Dago Egunaren barruan —maiatzaren 10ean da— erakustaldia emango dute kilometroko lana eginez 550 kiloko harriarekin, 11:00etan hasita, Doneztebe plaza inguruan. Ekainaren 1ean, berriz, Astigarragan egingo dute erakustaldia, Ziklobira jardueraren barruan