Josu Belea makil idorrian eta Korrokoiak, batel saioa amaituta
61 puntu pilatuta, Tximistak irabazi zuten 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadetako hirugarren jardunaldia, Ashkorax eta Korrokoiak taldeen aurretik. Txirrindularitza lasterketa eta motelketa, hondarrezko irudien lehiaketa eta batelen estropada egin zituzten atzo goizez eta eguerdiz kai zahar inguruan. Zeruak lehorreko probak busti zituen eta, ordea, uretako jarduna eguzki paregabearekin egin zuten. Giro bikaina izan zen Butroi pasealekuan goizeko lehen ordutik bazkalordura arte eta, beste behin ere, antolakuntza ezin hobea.
Txirrindularitza lasterketarekin arazo tekniko larriak izan bazituzten ere, Korrokoiek lidergoan Usain Voltilleruan Semiekin zuten berdinketa hautsi eta sailkapenaren buruan jarri dira bakarrik (224 puntu), eta tarte polita ireki dute atzekoekiko. Semiek ez zuten jardunaldi ona izan eta laugarren posturaino jaitsi dira, hori bai, hirugarrenarekin berdinduta eta bigarrena puntu bakarrera dute (211 puntu Hok Ez Pattukek, eta 210 Tximistak eta Semiek).
Atzetik aurrera eginda Hok ez Pattuk jarri da bigarren tokian, Korrokoiengandik hamahiru puntura. Baina kontuan eduki behar da urdinak bigarren geratu zirela logo txapelketan eta puntu horiek azken jardunaldian batuko direla, aldea asko murriztuz. Semiek ere liderrak baino hobe egin zuen lehen eguneko logoaren proba eta olinpiadak irabazteko hautagaien zerrendan sartu behar dira. Hirugarren postuan dagoen Tximistak, aldiz, hori du kontra, ez zirela aurkeztu marrazki lehiaketara eta horrekin aukera batzuk galduko dituzte.
Hortaz, bero, oso bero dago sailkapena laugarren egunari begira. Maiatzaren 10ean kultur arloko probak egingo dira eta ezustekoren bat gerta liteke. Orain arte abileziak, indarrak eta koordinazioak izan dute garrantzia, baina azken egunean bestelako dohainak jarri beharko dituzte mahai gainean. Ikusteko dago aipatutako lau talde horien artean zeinek egiten dituen hoberen bertso proba, karaokea, gastronomia lehiaketa, eta abar. Eta kontuz atzetik datozenekin, Ashkorax, Josu Belea makil idorrian, In degu goiza, Bionttuak eta gainontzekoekin, oraindik ez baitago ezer erabakita.
Ikusi sailkapena olinpiadetako webgunean.