Txotxari ekin diote
[nggallery id=68]
Hasi da 2014ko sagardo eguna Errenteria-Oreretan. Hainbat herritar izan dira Koldo Mitxelena plazara hurbildu direnak, aurtengo uztako sagardoa probatu eta mokadutxo bat jatera.
12:00etan hasi dute ofizialki eguna, eta Idoia Arbelaitzek jakinarazi duenez, sagardogileen esanetan aurtengo sagardoa oso ona da. Beraz, basoa atera, eta hainbat etxeren eskutik, aurtengo zukua probatu ahal izango da egunean zehar.
Giro polita izan da Koldo Mitxelena plazan —Foru plazan egitekoak ziren, baina eguraldia oso segurua ez dela kontuan hartuta, antolatzaileek nahiago izan dute Koldo Mitxelena plazara eraman—. Trikitilari, txistulari eta dultzaineroek jarri dute musika, eta dantzara animatu denik ere izan da.
Astoa plazaren erdian ibili da, atzean karroa eta karroan barrika zuela. Txotxa egitera animatu dira asko.
Estalpean, berriz, postuak; sagardoa tantarik kanpora atera gabe basoan sartu nahian. Bertan, eros daiteke sagardo egunerako kit-a: 6 euroan, basoa, zapia, eta sagardoa edan nahiz pintxoa jateko txartelak. Denborak aurrera egin ahala, geroz eta jende gehiagok eskatu du kit-a, eta sagardoa probatzen hasi dira.
Arratsaldean, Zumardian
Goizean Zumardian ez zebilen jende asko, baina arratsaldean irudia bestelakoa izango da. Prest dituzte 36 sagardogileren postuak; 18:00etatik aurrera hurbilduko direnen egarria asetzeko prest.
Alboan, berriz, txekorra erretzen ari dira.