Datozen hilabeteetan egingo dituen ekintzetan buru belarri sartuta dabil Alkartasuna dantza taldea: hamabostaldi kulturala (maiatzaren 31tik ekainaren 15era) eta Sagardo Jaia (ekainaren 7an). Aurtengo berritasun nagusia, ordea, antolakuntzatik etorriko da, ez baititu Alkartasunak bakarrik antolatuko, herritarrek baizik.
Zentzu horretan, herriko elkarte, talde nahiz norbanakoak animatu nahi ditu dantza taldearekin batera lan egitera, “Antxok dituen interesak atera eta kultura bultzatzeko asmoz”. Eskatzen duten baldintza bakarra euskaraz izatea da. Dagoeneko, esaterako, Kamio tabernarekin eta Kuadrillategi elkartearekin ari dira elkarlanean. Hala ere, deialdia irekia dela esan dute, eta norbanakoek ere parte har dezaketela.
Era berean, beste deialdi bat ere luzatu diete dantzari ohiei ere, ekainaren 1ean egingo duten Dantzari Txikiaren aurkezpenean dantzatzeko. Ekainaren 1ean izango da, 12:00etan, Zumardian.
Alkartasunaren harremanetan jartzeko email bat utzi dute:
alkartasunaedt[abildua]gmail.com.