
Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi). Argazkia: J.J Garcia
Lezoko anfibio eta narrasti populazioen kontserbazio egoera hobetu nahi dute eta horretarako horien babeserako proiektua jarri berri dute martxan Lezoko Udalak eta Aranzadi elkarteak. Izan ere, herpeto espezieen (anfibio eta narrastien) laurdena mehatxu egoera larrian dagoela jakinarazi dute udaletik zein Aranzaditik: “Mundu mailan ornodun talde mehatxatuena da”.
Proiektua abiatu aurretik, Aranzadiko herpetologoek (anfibioak eta narrastien gainean lan egiten duen zoologiaren arloa da herpetologia) udalerriko hainbat putzutan laginketak egin berri dituztela jakinarazi dute udaletik: “Udalerriko anfibio eta narrastien inbentarioa osatu eta bertako populazioaren egoera ezagutzea izan da helburua”.
2014-2015 urteetanburutuko dela proiektua eta bi lan ildo nagusi izango dituela zehaztu du udalak: anfibioentzako putzu bat sortuko da, batetik, eta ikerketa lanak egingo dituzte, bestetik. Olatzar erreka bazterrean egingo dute putzua, Lezoko Baratza Parkearen ondoan, eta bide batez degradatua dagoen eremua berreskuratuko dela esan du udalak: “Txabola bat eta hondakinak daude egun eremu horretan. Putzua eginda, eremua garbitu eta erreka bazterrean ibaiertzeko landareria landatuko da”.
Lezoko inbentario herpetologikoa osatu
Ikerketa lanaren bidez Lezoko inbentario herpetologikoa osatuko da, “hau da anfibio eta narrastien inbentarioa”, esan dute, eta horretarako gaur egun Lezon dauden putzuak aztertuko dituztela eta putzu berri gehiago sortzeko eremu aproposak identifikatuko dituztela gaineratu dute.
Udalerriko hainbat putzuetan hasiak dira dagoeneko laginketak egiten Arantzadiko herpetologoak. Horretarako herri lurretan kokatutako putzuetara, Jaizkibel eta haztegietako urmaeletara kasu, zein terreno partikularretara jo dute adituek.
Schreiber muskerrari arreta berezia
Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan Interes Bereziko espezie gisa katalogatua dago Schreiber muskerra, eta horregatik arreta berezia jarriko diotela espezie horri nabarmendu dute. Lezon espezie horrentzat habitat egokiak izan badirela esan dute horren harira, “baina bere populazioaren gaineko informazioa oso murritza eta zaharkitua gelditu da, eta hori dela-eta laginketak burutuko dira Jaizkibelgo hegoaldeko magalean.
Aranzadik eta Lezoko udalak martxan jarri duten proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren diru laguntza jaso du, guztira 14.859,54 euro.

Urmaela Jaizkibel
Lezoko udalak 2010. urtean Jaizkibelen putzu txiki bat egokitu zuela, eta 2009. urteaz geroztik erreken eta ibaiertzeko basoen kalitatea hobetzeko hainbat ekimen egin dituela ekarri du gogora, “martxan jarri berri dugun proiektu hau ez da beraz, bizidun urtarren mesedetan gauzatzen dugun lehen ekintza”.