2013ko likidazioaren nondik norakoak azaldu ditu Irungo Udalak
Irungo Udaleko Jose Antonio Santano alkateak 2013ko likidazioaren inguruko datuak argira eman ditu aste honetan. Kontu guztiak itxi ondoren, denera, 4.863.783.43 euro gastatu gabe gelditu zirela jakinarazi du tokiko gobernuko buruak. Haren esanetan: “Ia 5 milioi euroko bitartekoa prudentziarekin eta gastuaren eustearekin lotuta dago”.
Tokiko gobernuak 71.149.753,73 milioi euroko aurrekontua izan zuen arren, urtea bukatzerakoan kopuru hori 72.765.989,72 eurokoa zen. Hala ere, milioi bat euro baino gehiago aurreztea lortu dutela adierazi dute tokiko agintariek.
Diru sarrerei dagokionez, bildutakoa hasieran aurreikusitakoa baino milioi bat altuagoa izan dela jakinarazi dute.
3,4 milioi euroko kreditu modifikazioa
Gastatu gabeko 4,8 milioi euroko kopuru horretatik, gerta daitezkeen ezustekoei aurre egin ahal izateko bi milioi euro gordeko dituela adierazi du Santano alkateak. Gainontzekoa, kreditu modifikaziora bideratuko da, eta hau denera, 3,4 milioi eurokoa izango da.
Kopuru horren bidez hainbat iniziatiba burutu nahi ditu udalak, tartean, San Migel-Anaka eremuan hobekuntzak, Leka Enea eskolan bi urteko ikasleentzako gelak prestatzea eta patioa estaltzea, Luis Marianotik Artalekura igogailua eta kiroldegietan gordetzeko zazpi desfibriladore eskuratzea.