Hondarrezko proba egin ahal izateko Bentako hondartza garbitu dute gazteek
Igandean egingo dute 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadetako hirugarren jardunaldia. Eremu olinpikoa lekuz mugituko dute, orain arteko bi jardunaldiak jaso dituen Madalen plazatik, Butroi pasealeku aldera. Izan ere, itsasoko probak egingo dituzte hirugarren egunean, baita txirrindularitzakoak ere.
10:00etan hasiko da olinpiadetako hirugarren jardunaldia, bizikleta probekin. Bi proba izango dira, lasterketa eta motelketa. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehenengoa taldeko lana izango da: “Lasterketa erreleboka izango da eta bost lagunek parte hartuko dute. Ekipo bakoitzak mendiko txirrinda eta kasko bana eraman beharko ditu eta txirrinda eta kaskoa partaidez partaide pasa beharko dira”.
Lasterketa Butroi pasealekuan egingo dute eta motelketa, aldiz, Uxoa tabernako maldan. “Lagun batek bakarrik parte hartuko du —azaldu dute—. Lurra ukitu gabe helmugara azkena iristen denak irabaziko du eta norbaitek hankak lurrean jarri ezkero zuzenean eliminatu egingo da”.
Hondartza garbitu dute
Txirrindularitzakoen ostean hondarrezko irudien proba egingo dute, garai bateko olinpiadetan egiten zen bezala: “talde bakoitzak espazio mugatua izango du hondarrezko irudia egiteko eta beharrezko ikusten dituen pala, rastrillo eta karretilak erabili ahal izango ditu”. Benta zaharreko hondartzan egingo dute hondarrezko irudien proba eta herriko hiru artistek osatuko dute lanak epaitzeko taldea.
Nabarmendu behar da hareatza nahiko hondatuta zegoela neguko denboraleengatik, baina herriko gazteek garbiketa egiteko geratu izan dira eta ehundaka harri koxkor atera dituzte bertatik.
Eta jardunaldia bukatzeko, Butroi pasealeku parean batelen estropada egingo dute olinpiadetan parte hartzen diren hogei taldeetako kirolariek —orain arte hemeretzi agertu dira, baina Zahartrosis taldea agertuko balitz aukera izango luke lehiatzeko—. “Batel bakoitzean bost lagun eta patroia egongo dira eta patroi bezala arraunlariren bat joango da”, gaineratu du antolakuntzak.