Tragikomedia eta abenturak, Amaia Kultur Zentroan
Antzerkiak hitzordu bikoitza izango du ostiralean eta larunbatean, Amaia KZn. Amor en tiempos del corralito (20:00) eta Tortuga, la isla de Teodoro (17:00) antzezlanak ikusteko aukera izango da hurrenez hurren.
Los Rotos eta K-Paz konpainiek Amor en tiempos del corralito taularatuko dute ostiralean. Tragikomedia bat da antzezlana, eta bakardadearen, ametsen, mamuen eta beldurren inguruan aritzen da.
La Pera Limonerak bere aldetik, abentura istorio bat aurkeztuko du Tortuga, la isla de Teodoro lanaren bidez. Teodoro kapitainak engainatuta, Genaro Salado marinel gaztea irla batean ezkutatuta dagoen altxor baten bila abiatuko da eta lehenak jarritako tranpak eta trikimailuak saihestu beharko ditu.
Bi antzezlanetarako sarrerak 4,10 euroko prezio bakarra izango dute eta ohiko lekuetan eskura daitezke.