Xabier Iridoy EAJren bozeramailea
Xabier Iridoy Irungo EAJ udal taldearen bozeramileak hiri proiektu berria aurkeztu du gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Segurtasuna, irisgarritasuna, mugikortasuna, degradatutako eremuak, aparkalekuak eta ekonomia hobetzea dira 0 Proiektuaren ildo nagusiak. Orain, elkarte eta eragile ezberdinekin biltzen hasiko da Iridoy eta denen ekarpenekin, proiektu definitiboa osatuko dutela azaldu du.
Pertsonak proiektu honen ardatz nagusia direla azaldu du bozeramaileak: “testuinguru ekonomiko zail honetan beren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzearen alde lan egingo dugu”. Langabeziaren datuak gogora ekarri ditu jeltzaleak, “Irunen langabezia tasa %18,4koa da, 5.399 langaberekin, eta horregatik enpleguak eta ekonomiaren suspertzeak lehentasuna dute gure hiri proiektuan”.
Zentzu horretan, hiriko merkataritza sustatze aldera “elkarlan publiko eta pribatuaren aldeko apustua” egin du jeltzaleak.
Gertuko harremana
Hiritarrak 0 Proiektuaren ardatz nagusia izanda, haien galderak entzutea ezinbestekotzat jo du Xabier Iridoyk. Era horretan, gertuko harremana bultzatzeaz gain, beharrezko erantzunak proposatu ahal izango direla uste du bozeramaileak. “Esku-hartze txikiek hiritarren eguneroko bizitza nabarmen hobetzen dute”, gaineratu du.
Degradatutako eremuen inguruan ere aritu da jeltzalea. Izan ere, zenbait eremu txukunduz gero, aparkaleku eta segurtasun arazoak gutxituko liratekeela uste du. Alarde kalean egindako aparkalekua aipatu du zinegotziak adibide bezala.
Horiek horrela, puntu beltzekin bukatzeko dagoeneko 100.000€ bideratuko direla gogora ekarri du jeltzaleak, baina hala ere, beste jatorriko arazoak ere aipatu ditu, esaterako Behobian. “Droga trafikoa aspaldi eman da Behobian, eta degradazio itxurak nolabaiteko harremana dauka egoerarekin”, esan du. Hiri antolakuntza berri bati esker arazo horiek bertan behera geldituko liratekeela aipatu du zinegotziak.
Arbes auzoarentzako azpiegitura berriak, Luis Marianotik Artalekura igogailua eta Bidasoaldeko hiru hirien arteko mugikortasuna hobetzea ere aipatu ditu jeltzaleen bozeramaileak.