Conde de Godotik kanporatu dute Iñigo Cervantes, zortzirenetan
Final zortzirenetan galdu du Gabashvilirekin, baina aurretik bi erronda gainditu ditu
Iñigo Cervantes tenislari hondarribiarrak Open Banc Sabadell Conde de Godo txapelketako final zortzirenetan galdu du gaur, Teymuraz Gabashvili errusiarraren kontra (4-6 eta 2-6). Galdu arren, txapelketa bikaina egin du Cervantesek eta bere kirol ibilbideko emaitzarik garrantzitsuena lortu du, lehen aldia baita ATP Masters 500 txapelketa batean bi erronda gainditzen dituena. Etxean egin du lorpena, gaztetatik Kataluniako hiriburuan bizi baita 24 urteko kirolaria.
Ekialdeko tenislarien kontra lehiatzea egokitu zaio Cervantesi aurtengo Conde de Godon. Txapelketako lehen errondan Nedovyesov kazakhstandarra gainditu zuen hondarribiarrak (3-6, 6-2 eta 6-4) eta bigarren errondan Dimitri Tursonov errusiarrari irabazi zion (7-5, 0-6 eta 6-3), final zortzirenetarako sailkatuz.
Hirugarren partidan, baina, ezin izan du ATP zerrendan munduko 55. tokian dagoen Gabashviliren kontra eta txapelketatik kanpo geratu da.
Top 100a helburu
Cervantes oso pozik azaldu da Conde de Godo txapelketan lortutakoarekin, lehen aldia baita ATP txapelketa batean hain gora iristen dena. Gainera, urte eta erdi pistetatik kanpo egon eta gero iritsi da lorpena, denbora luzez pistetatik urruti egon baita, min hartuta. Zortzi hilabetean lau ebakuntza egin behar izan zizkioten aldakan, ukondoan eta Akilesen tendoian.
Arazo fisikoak gaindituta, munduko ehun tenislari onenetako bat izateko helburuari heldu dio berriro hondarribiarrak.