850 txakur baino gehiago bilduko dira Ficoban, igandean
Gipuzkoako Nazioarteko 35. Txakur Lehiaketa izango da igandean Ficoba erakustazokan. Erakustaldiak nazioarteko 850 txakur baino gehiago ekarriko ditu Irunera. Denera, 200 arraza ezberdin bilduko dira bertan.
09:30etan abiatuko da lehiaketa. Arraza bakoitzeko txakur onenak aukeratuko ditu epaimahaiak 16:00ak arte eta ondoren, Erakusketako Txakur Onena eta Errege Kopako irabazlea izendatuko dute.
Horrez gain, beste hainbat sari banatuko ditu epaimahaiak: Espainiako Lehiaketako Gaitasun Agiria, Nazioarteko Gaitasun Agiria, Bikote Onena, Beterano Onena…
Halaber, laguntzeko txakurren erakustaldia izango da Aurrera Atera taldearen eskutik. Txakur horiek urritasun fisiko edo psikologikoak dituzten pertsonak laguntzeko hezi egiten dituzte.
Egitaraua
08:00 Dokumentazio bilketa eta albaitaritza kontrola
09:30 Lehiaketaren hasiera
11:30 Aurrera Atera taldearen erakustaldia
12:30 Heziketa zibila Alvaro Morenoren eskutik
14:00 Gazte aurkezleen lehiaketa
16:00 Finalak
Sarrerak 5 euroan salduko dira helduentzat eta 3 euroan 10 urtetik beherakoentzat. Aparkalekua debalde izango da.