Hamar probako ginkanari aurre egin beharko diote igandeak hogei taldeek, 11:00etan. Igandean gertatzen direnak Hitza-k jasoko ditu, eta Interneteko ediziora igoko ditu astelehenetik aurrera.
Hondarribiko Herri Olinpiaden bigarren jardunaldia egingo dute etzi, igandez, Madalen plazan. Duela bi aste herri kirol proben txanda izan bazen, oraingoan ginkana bati aurre egin beharko diote izena emandako hogei taldeek. Lehen jardunaldian Korrokoiek hartu zuten aurrea eta lidergoari eusten saiatuko dira, 11:00etatik aurrera. Horretarako, gogor saiatu beharko dira ginkanan.
Hamar probaz osatutako ginkana izango da, bi txandatan banatuta; bakoitzean hamar taldek parte hartu dute batera. Proba bakoitza burutzeko lau minutu izango dituzte, eta beste bi minutu proba bakoitzetik bestera igarotzeko. Txanda bakoitzean atseden hartuko duten taldeek antolatzen jardungo dute, kirolariei azalpenak ematen, laguntzen, denborak hartzen, eta abar.
Igandean gertatzen direnak Hitza-k jasoko ditu, eta Interneteko ediziora igoko ditu astelehenetik aurrera,
hondarribia.hitza.info webgunearen barruan sorturiko
olinpiadei buruzko atal berezian: argazkiak, kirolariei egindako elkarrizketak, kronika serioa, sailkapena eta bestelakoak daude.
Lehen jardunaldian bildutakoek jarraipen handia izan zuten, gazteriak antolatutako olinpiadek herrian piztu duten interesaren adierazle.