
Elkartasun hilabeteko antolatzaileek txekea eman diete Trintxerpeko kaltetuen aldeko plataformako kideei
Martxoa osoan zehar Trintxerpeko sutean kaltetutakoei laguntzeko dirua biltzen aritu dira Errenteria-Oreretan hainbat ekintzen bitartez. Kontzertuak, dantza erakustaldiak, kirolari lotutako ekintzak… egin dituzte. Guztien artean, 11.700 euro biltzea lortu dute, eta atzo eman zieten txekea familia kaltetuen partez etorri ziren Trintxerpeko Kaltetuen Aldeko Plataformako kideei, Izaskun Barbier eta Juanje Neira. Horiek esker ona adierazteko plaka bat eman zieten, Maider Gonzalez eta Juantxo Atxukarro elkartasun hilabeteko ordezkariei.
Ekitaldi garrantzitsuenetako bat joan den martxoaren 29an egin zuten diru bilketa izan zen. Ekitaldi horretan bakarrik 5.200 euro jaso zituztela jakinarazi du Gonzalezek. Errenteria-Oreretako hamabi auzotan egon ziren boluntarioak dirua biltzen, eta guztiei eskerrak eman dizkiete egindako lanarengatik. Ekitaldiak antolatzen aritu diren guztiei eman dizkiete eskerrak, baita ekarpena egin duten herritarrei ere. Era berean, Gonzalezek bileretan ateratako gai bat nabarmendu zuen: “Dirua garrantzitsua den arren, garrantzitsua da ere kaltetuak lagunduta senti daitezen”.
Bestalde, etxeko jabeen komisioaren idatzi bat irakurri zuen Neirak, eta bertan eskerrak eman zizkion Errenteriako herriari, eta “erakutsi duen elkartasuna mirestekoa” dela nabarmendu zuen.