TAO sistema abiatuko dute heldu den astean Portuan
Aste santuan abiatuko dute Portu auzoko TAO sistema, udalak kontrataturiko langileak lanean hastearekin. Hondartza eremuko guneak, aldiz, ekainean irekiko dituzte. Dagoeneko Portuan bizi eta ibilgailua bertan erroldatuta dutenek aukera dute TAO txartela eskatzeko. Etxean jaso duten erreziboa ordaindu eta BAZ bulegotik pasatu behar dira. Heldu den astean jarriko dira indarrean txartel berriak eta, hortaz, 2013koak ez dira kontuan hartuko.
Txartelek urte osorako balio dute eta Portuan, Bentako parkinan eta Foru eta Minatera kaleetan aparkatzeko aukera ematen dute, 30 euroren truke. Hogei euro gehiago ordaintzen duenak, leku horietaz gain, “Ramon Iribarren pasealekuan eta hondartzako parkinean aparkatu ahal izango du, eremu hau udaldian martxan jartzean”, azaldu du udalak.