Estatuen esku hartzearen kontrako elkarretaratzea
Azken aldian, Espainia nahiz Frantziako estatuak hizkuntza politika arloan egiten ari diren esku hartzeak salatu zituzten atzo, Euskal Herriko zenbait txokotan, Kontseiluak deituta; tartean, Errenteria-Oreretan.
Estatuen esku hartzea gelditu lelopean hainbat herritar bildu ziren Herriko Plazan, eta koloreztatutako eskuarekin gelditzeko keinua irudikatu zuten.
Espainiako Gobernuak LOMCErekin eta Frantziakoak ikastoletan egiten ari diren esku hartzeekin, euskara erasotzen ari direla iritzi diote, eta gertuago, aldundiak eta 61 udalek Espainiako Gobernu ordezkariaren errekerimenduak jaso dituztela salatu dute, aldundiaren kasuan, kontratazioetan hizkuntza irizpidea erabiltzen hasi delako, eta udalen kasuan, Udaletik programarengatik. “Indarrean dauden euskara planak ere eskatu dizkie, baita hizkuntza irizpideei buruzko erabakiak ere jakinarazteko”.
Nolanahi ere, hizkuntza politikaren garrantzia nabarmendu dute, eta gogorarazi dute 1996ko Bartzelonako Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak biltzen duenez, “hizkuntza komunitate orok eskubidea duela bere hizkuntza sistema estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko derrigortutako edo induzitutako kanpo esku hartzerik gabe”.
Hizkuntza baten normalizazio prozesuak dimentsio politiko eta soziala du, eta euskararen kasuan hala da. Estrategia ezberdinak martxan jartzen dira ezagutza nahiz erabilerari dagokionez. Hizkuntza politika da elementu garrantzitsuena, eta ezinbestekoa euskara normalizatu dadin. Eskubide bat da 1996ko ekainean onartu zen Bartzelonako Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak “Hizkuntza komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza sistema estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko derrigortutako edo induzituriko kanpo esku hartzerik gabe”.
Hala, nabarmendu zuten herritarrei dagokiela “neurri horiek salatu eta kanpo esku hartzeak geratzea”. Era berean, euskaraz bizitzeko hautua egin dutela ozen eta garbi esateko garaia dela adierazi zuten.