Astelehenean, Errepublikaren Egunarekin bat eginez, Pasaiako Udalak omenaldia egingo die 36ko gerran errepresaliatutako Udalbatza demokratikoa osatu zutenei, eta baita garaiko udal langileei eta errepresioa jasan zuten herritarrei ere. Omenaldirako Arizabalo Jauregiko Areto Nagusian Koldo Izagirreren hitzak jasotzen dituen plaka bat jarriko dute. Plakaren diseinua Juanba Berasategik egin du.
Udalak gonbidapen berezia egin die “garai latz haiek sufritu zituzten herritarrei eta haien senideei, antolatu den omenaldi xume baina sentikorrean parte har dezaten”. Ekitaldia irekia izango denez, Udalak Arizabalo Jauregira gerturatzeko gonbita zabaldu nahi die pasaitarrei.