Jaizkibel menditik ura xurgatzeko sei zundaketak erabili ahal izateko Uraren Euskal Agentziak (Ura) Txinzerri emandako baimena Txinzerrek berak jarritako baldintzetan oinarritzen dela salatu du Hondarribiko Jaizkibel Mendia Babestu Dezagun talde ekologistak. Gaur goizean Zuloaga Etxean egindako agerraldian egin dute salaketa eta bertan izan dira talde ekologistako hiru kide, Anjel Alkain, Ortzi Alonso eta Juan Ortiz.
Anjel Alkainek argitu du Txinzerren ustiapen proposamena aintzat hartzen duela Urak, nahiz eta proposamen horretan Irustako hidroelektrikora ura desbideratzen duen Domikoko ubidea ez den agertzen: “Ebazpenean ez da Domikoren aipamenik egiten, urtean 6 Hektometro kubo desagertarazten ditu”. Irustara Domikotik turbinatzen den kopurua “Irunek eta Hondarribiak kontsumitzen dutena da”, gehitu du Ortzi Alonsok: “Ur hornidura eskasa dela saldu digute, azpiegitura berriak behar direla, lehorte mezua zabaldu dute, izua gure barnean sartu, baina ez dago halakorik. Ur eskaera 6,5 Heltometro kubokoa da eta bi hirietako ur baliabideak 21 Hektometro kubokoak”.
Irustara doazen hodiak
Alkainen iritziz, “Txinzerrek Jaizkibeletik hornitu nahi ditu Irun eta Hondarribia, San Antongo arrotik jasotzen den ura zentral hidroelektrikoetara bideratzeko”, eta Txinzerrek kudeatzen dituen zentraletan ekoitzitako kilowatt kopuruaren zati handi bat ezkutatzen dela salatu du.
Jaizkibel mendia babestutako eremu dela azaldu du Alonsok: “2004tik Natura 2000 sarean dago, eta zaintza bereziko gune da”. Hala izanik, bertan egindako edozein lan publiko nahiz pribatuk ingurumen inpaktu azterketa behar duela adierazi du, eta zundaketen obra egiteko halakorik ez zela aurkeztu. Zentzu horretan, biodibertsitatean adituak larrituta daudela gaineratu du Alkainek. “Sei zundaketen birkarga eremua 0,9 Hektometro kubokoa da eta Urak Txinzerri emandako baimena, 2,4 Hektometro kubokoa. San Antongo urtegia %80tik jaitsiz gero, Jaizkibeletik ura ponpatzeko baimena luke Txinzerrek, %95eraino bete arte, mendia hustuz”. Aurretik egindako agerraldi batean, urtegiaren ur maila jaisteko Domikoko kanala erabiltzen duela salatu zuen Jaizkibel Mendia Babestu Dezagun taldeak.
Eguzki talde ekologistak hainbat salaketa jarri zituen Txingudiko uren kudeaketa sistemaren kontra eta dagoeneko hiru isun jaso ditu Txinzerrek, San Antongo urtegira doan Endara errekaren emari ekologikoa ez bermatzeagatik. Jaizkibeleko zundaketa sistemaren aurkako salaketa ere sartuta daukate eta Alkainek esan zuen “bihar urtebete egingo du Ingurumen Fiskaltzak tramitera onartu zuela”. Juan Ortizek gehitu du hainbat bilera eskatu dituztela bi udaletan Txinzerren ordezkaritza duten zinegotziekin, alkateekin eta erakunde publikoko kudeatzaile Miguel Angel Muñagorrirekin, baina ukatu zaiela.
Duela bi aste kargua utziko duela aurreratu zuen Muñagorrik, Uraren Zikloa bukatutzat emanda. Alonsoren arabera, “egiten zaizkion gaineko argipenak ematen dituenean bukatuko da Uraren Zikloa, iluntasunak eta gabezi legalak azaltzen dituenean”.