Gizon bat atxilotu dute Errenteria-Oreretan bikotekidea erasotzea egotzita
Ertzaintzak 35 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo goizean, Errenteria-Oreretan, bikotekidea erasotzea leporatuta. Ustezko erasoa, ordea, Lasarte-Orian gertatu zen, larunbatetik iganderako goizaldean, 03:30 aldera.
Ertzaintzaren arabera, dei bat jaso zuen emakume bat erasotu zutela jakinaraziz. Emakumeak hainbat zauri zituela esan du Ertzaintzak, buruan, aurpegian, besoetan eta hanketan.
Gaineratu duenez, gizona bortxatzen saiatu zen bikotekidea, eta ez zuen lortu. Haatik, kolpatu, poltsa lapurtu eta dirua kendu zion, eta segidan, autoarekin harrapatu zuen.
Ertzainak gizonaren bila irten ziren, eta Errenteria-Oreretan aurkitu zuten, 10:30 aldera. Genero indarkeria delitua egotzi diote.
Emakumea, berriz, ospitalera eraman zuten zauriak sendatzera.