Aparicio, saria irabazitako lana eskutan duela
Erik Aparicio errenteriarrak irabazi du arte koadernaketa lan onenari saria Arteliburu21 elkarte artistiko eta kulturalak antolatutako Artista Liburuen eta Arte Koadernaketaren Topaketen barruan. Artista liburu onenaren saria Maria Pujol bartzelonarrak irabazi du.
Topaketen barruok erakusketan aurkeztutako lanen artean banatu dituzte sariak. Apariciok album bat aurkeztu zuen,
Costuras sobre piel e incrustaciones de madera goiburukoa, eta epaimahaiak lan hori bereizi du arte koadernazioen artean. Taldekako saria ere bazen, eta Bartzelonako Llotja arte eta diseinu eskolarentzat izan zen, Merce Capell eskolako kidearen titulurik gabeko lan bategatik.
Artista liburuen kategorian, bi sariak Euskal Herritik kanpora joan ziren. Pujolek irabazi zuen banakakoa,
The woods lanarekin, eta Oviedoko arte eskolak taldekakoa, Alvaro Villarren
Fabulaciones Fabuladas obrarekin.
Mahai ingurua egin zuten larunbatean
Larunbatean egin zuten sari banaketa, martxoaren 27tik atzora arte topaketen egoitza izan zen Merkatuzarren. Besteak beste, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak eta mahai inguruak egin dituzte bertan eta arteari eta koadernaketa artistikoari lotutako hainbat pertsona pasatu dira Merkatuzarretik. Larunbatean bertan, sari banaketaren ondoren mahai inguru jendetsua egin zuten eta parte hartzaileek Cristina de la Fuente galeristarekin,
Detritus eta Estibalitz Alvarez artistekin eta Josan Lopez Pariza litografoarekin esperientziak partekatzeko aukera izan zuten.