70 musikari batera ariko dira igande arratsaldean Alde Zaharreko parrokian, Eskifaia elkarteak antolatzen duen XXXII. Eliz Musika Zikloko lehen asteburua ixteko. Donostiako Santa Zezilia abesbatzako kideek Tolosako Arimaz Kamera Orkestraren laguntza izango dute. Aurretik, larunbatean, goi mailako talde batek abestuko du parrokian, Alemaniako Singer Pür seikotea.

Singer Pür taldeko abeslariak
Igandeko emanaldiari dagokionez, Eskifaiako arduradunek orkestraren presentzia nabarmendu dute: “Aspaldian ez dugu gure zikloan orkestra bat eduki eta aurten zen garaia. 70 musikari batera arituko dira saio honetan gure parrokian, eta Joseph Haydn, Felix Mendelssohn y Rheinbergerren musika eskainiko digute”. Kepa Martinez de Albenizek zuzenduko du taldea eta bakarlari bezala Arantza Etxabe sopranoa eta Alain Aierdi Gurpegi baritonoa ariko dira.
Bi kontzertuak 20:00etan hasiko dira eta sartzea libre izango da baina, ohi bezala, publikoari garaiz iristeko eskatzen zaio, abeslarien jardunean trabarik ez sortzeko.