EAJk udalak Espainiako banderaren aferan hartu duen jarrera deitoratu du
Bilduk Espainiako estatuak Pasaiako Udalean Espainiako bandera jartzera behartu izana “naturaltasun osoz” onartu duela dio EAJk eta gogor kritikatu du ezker abertzalearen jarrera “ez delao kexarik egon, ez ezker abertzale, ez eta udal gobernuaren aldetik ere”.
EAJk “erabat arbuiatu du” erabakia, diotenez, “gure erabakitze eskubidearen aurka eta gure udaletxea osatzen duten alderdi politikoen aurka doan inposaketa” delako. EAJren bandera bakarra ikurrina dela eta hala izaten jarraituko duela aldarrikatu dute jeltzaleek. “Zenbaitek perspektiba politikoa galdu” dutela iritzi diote jeltzaleek, eta EAJk orain ezker abertzalea egiten ari den “gauza bera egin behar izanagatik” EAJko hainbat kargu publikoak irainak eta erasoak jasan behar izan zituztela gogoratu dute. “Zer gertatuko litzateke EAJ-PNV gobernuan balego eta Pasaiako udaletxean Espainiako bandera ezarriko balu?”, galdetzen dute jeltzaleek, eta ea orain “desobedientzia zibila ez al den tokatzen” esan diote ezker abertzaleari.
Azkenik, udaletxean “herri honek bandera espainiarra arbuiatzen duela eta gurea ikurrina dela agerian utziko duen plaka bat” jartzeko eskatu dute jeltzaleek .