Ostiralean zabalduko dute gazte oporraldietan izena emateko epea
Ostiralean zabalduko dute Aldundiak antolatzen dituen udaleku edo gazte oporraldietan izena emateko epea.
Udalekuak Euskal Herriko eta Espainiako 13 lekutan izango dira (Cuenca, Menorca, Girona, Salamanca…), uztailean eta abuztuan, euskaraz eta gaztelaniaz, 7, 10 eta 12 egunetako txandetan. Halaber, 10 eguneko udaleku bat ere izango da Le Béarn des Cavesen (Auterrive) 14 eta 15 urteko gazteentzat, frantsesa praktikatzeko; eta 10 eguneko beste udaleku bat Madrilen, euskaraz eta ingelesez, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oporraldiak ingurune natural erakargarrietan izango dira, eta jarduera ugari egingo dute gazteek: abenturazko jarduerak, ur jarduerak, aisialdikoak, festak, gaika antolatutako gau jaiak eta beste.
Aurrez izena emateko epea apirilaren 11 arte egongo da zabalik. Plazak apirilaren 30ean zozketatuko dira notario aurrean. Lehentasuna izango dute azken urteetan udaleku gutxiagotan parte hartu dutenek.
Zozketan aukeratzen direnek behin betiko izen-ematea egingo dute maiatzaren 2tik 12ra bitarte. Matrikulak joan-etorriko bidaia, jarduerak egiteko materiala, mantenu osoko alojamendua eta asegurua barne hartzen ditu
Informazio gehiago jasotzeko edo Aldundiko udalekuetan izena emateko, Gazteria eta Kirol Sailera jo behar da (Euskadi Etorbidea, 61, Udal Euskaltegiaren ondoan), 9etatik 14:00etara; edo 943 00 43 30 telefono zenbakira deituta.