Astelehenean Kerejeta alkateak ofizial egin zuen hurrengo udal hauteskundeetara ez dela aurkeztuko eta gaur Txomin Sagarzazuren alkategaitza aurkeztu dute batzokian, atzo Hondarribiko Uri Buru Batzarrak bere izendapena aho batez erabaki ondoren. Afiliatua ez den arren, alderdiarekiko konpromisoa azaldu du Sagarzazuk eta talde lanean oinarrituko dela esan du.
Kerejeta eta Sagarzazu, gaur goizeko agerraldian
Jakina zen Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea ez dela 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztuko eta herriko EAJk Txomin Sagarzazu hautatuko zuela bere ordezko izateko, baina, ofiziala, aste hau arte ez da albistea ofiziala egin. Astelehenean Kerejetak berak eman zuen bere erabakiaren berri, eta gaur, atzo arratsean Hondarribiko Uri Buru Batzarrak bozketa egin ondoren, Txomin Sagarzazuren alkategaitza aurkeztu dute herriko batzokian. Kerejeta, Sagarzazu eta uri batzarreko presidente Eduardo Basterretxea izan dira agerraldian.
Basterretxeak erabakia aho batez hartu dutela nabarmendu du eta alderdiaren eta hautagaiaren artean “aldebiko konfiantza” dagoela azpimarratu du. Gogoratu behar da aurreko hauteskundeetan Sagarzazu EAJrekin aurkeztu zela, baina independente bezala, ez baita afiliatua. Nolanahi ere, halakorik gertatzen den lehen aldia ez dela eta oztopo ere ez, hori adierazi du Basterretxeak: “Are gehiago, alderdian izena emanda ez dagoen pertsonen prestutasuna eskertzen dugu, alderdikoa izan gabe, alderdiaren filosofiarekiko konpromisoa aurrera eramateko erronka onartzen dutelako”.
Erabakia partekatua izan dela esan dute
Sagarzazuk eskerrak eman die alderdiari, alkateari eta egun udal gobernuan kide dituenei, erabakia haiekin “partekatua” izan delako, eta heldu diren hauteskundeei begira plangintza egiterako orduan, oraingo oinarria kontuan izango duela gaineratu du: “Proiektuetan gauzatu nahi dugu egiten ari garen lana. Oinarri sendoak daude”, eta herriko ekonomia aipatu du oinarri sendo horien adibide gisa. Bere lan egiteko modua hiru ardatzetan oinarritzen dela esan du Sagarzazuk, talde lana, planifikazioa eta komunikazioa: “Talde lana norberaren mugak gainditzeko modua da”.
“Langile amorratua eta oso-oso lasaia”
Alkatearen iritziz herria oso ondo ezagutzen duen pertsona da Sagarzazu, “eta herriak bera, eta hori abantaila handia da alkate izateko”. Gainera, jeltzaleen alkategai berria “langile amorratua eta pertsona oso-oso lasaia” bezala definitu du, herria gobernatzeko “ezinbesteko ezaugarria”. Umoretsu azaldu da Kerejeta gaur prentsaren aurrean eta bere erabakiaz ere mintzatu da, Sagarzazuren hautagaitzarekin lotuz: “Erabakia askatasunez hartu nuen, baina beste baldintzak baziren eta garrantzitsuenetakoa da alderdiak bazuela beste hautagai egoki bat”.
Urtebete baino gehiago geratzen da udal hauteskundeetarako eta, hortaz, duela hiru urte arte politikan aritu gabe zegoen Sagarzazuk badu denbora erronka berria prestatzeko, nahiz eta oraingo izendapena jauzi handia dela onartzen duen. “Modu naturalean sumatzen dut. Pausu hau handiagoa da, baina maila berean hartzen dut”, esan du.