Bosgarren edukiontzia "lehenbailehen" jartzeko eskatu dio PSE-EEk gobernu taldeari
Organikorako bosgarren edukiontzia, giltzarekin, poltsa biodegradagarriekin eta hobari fiskalekin. PSE-EEk egindako proposamena da hondakinen arlorako, eta hori “lehenbailehen” martxan jartzeko eskatu dio udal gobernu taldeari. Eskaera hori duela hiru urte egin zuela adierazi du talde sozialistak, baina “Bilduk denbora galdu” duela.
Azkenean Bilduk derrigorrezko bosgarren edukiontziaren alde egiten badu, ordea, horrek gastu gehiago sortuko lituzkeela adierazi du PSE-EEk, eta gaineratu du talde sozialista ez dagoela herritarrak kontrolatzen alde. Hori “atez atekoa, baina ezkutuan” dela iritzi dio, “Bilduri gustua egiteko”.
Ezker Anitzak eta Bilduk “udalean nahikoa babes” ez dutelako ez dutela jarri atez atekoa uste du PSE-EEk, eta kontra “gogor” egin duenetako bat talde sozialista izan dela: “Hurrengo legegintzaldian Bilduk eta Ezker Anitzak gehiengo nahikoa lortzen badute ziur gaude atez atekoa inposatuko dutela”.
Era berean, Julen Mendoza alkateari egotzi dio Errenteria-Orereta “edukiontzi erraldoi” bihurtzea, inguruko herrietan atez atekoa jarri dutelako.