Hondarribiko Herri Olinpiadak berreskuratzearekin batera, Olinpiadak TB sortu dute herriko gazteek. Jardunaldi bakoitza grabatu, editatu eta emaitza hurrengo asteburuan Internetera igoko dute. Aitor Baztarrika kamera lanetan dabil eta HITZArekin kolaboratzen. Testu honetan telebistaren lana azaltzen du Baztarrikak.
Olinpiadak TBko hiru kide, grabaketa bat prestatzen
Martxoaren 29a izan zen, olinpiaden hasierarekin, Olinpiadak TB telebistaren estreinako lan eguna. Herri olinpiadak antolatzeko egin diren bileretan, olinpiadetako proba zehatzak antolatzeaz gain, Facebook-aren kudeaketa, informatzeko kartelen eraketa eta bestelako paperak sortu ziren. Burutazio horien artean, Olinpiadak TB kokatzen da. Eta larunbatean burutazio hori komunikabide bilakatu zen.
Dena aurrez prestatzeko asmoz, 09:15ean gelditu ziren kamerak, Madalen plazako ikuspegi eta angelu hoberenak aukeratzeko asmoz. Hamarrak puntuan zirela, pregoilaria eta bere kideak Santiago kaletik sartu ziren, Olinpiadak TBko lankideek croissant-a oraindik ahoan zutela.
Telebistako aurkezleek esan bezala, “aro posmodernoko lehenengo olinpiadak” zaku lasterketekin hasi ziren. Parte hartzaileek hasieratik ikusi zuten lurra behin baino gehiagotan ukitu beharko zutela, proba guztietan egon baitziren horrelakoak. Erreportariek ere ez zizkieten gauzak erraz jarri parte hartzaileei, lehia erdian, batetik bestera ibili baitziren, mikrofonoarekin momentuko bizipenak jasoz.
Zenbaitetan ere, Olinpiadak TBko paperetik atera eta bakoitzaren koadrilarekin lehiatzera joaten ziren tarteka aurkezle, kamera zein erreportariak.
Emisioarekin amaitzeko, parte hartzaile guztiak Olinpiadak TBren plato inprobisatuan elkartu ziren goizari amaiera emateko.
Larunbatean bildu zirenek nahi baino gehiago ikusi zituzten Olinpiadak TBko kamerak eta erreportariak, baina haien lana apirilaren 5a arte ezingo dute ezagutu. Egun horretan igoko dute Internetera eta horren berri emango dute Olinpiadetako Facebook orrian eta HITZAren atal berezian.
Aitor Baztarrika, Olinpiadak TBko kamera eta HITZAko kolaboratzailea