Elizalde ikastetxeko irakasleek bat egin dute Lezoko Institutukoekin, "LOMCE legeari ez ozen esateko"
Oiartzungo Elizalde Herri Eskolako irakasleek bat egin nahi izan dute Lezo Institutuko irakasleekin, “LOMCE legeari ez ozen esateko”.
Honako adierazpena egin nahi izan dute Elizalde ikastetxeko irakasleek:
“Ez dugu nahi bereizketarik gure eskolan, ez ekonomikorik eta ezta bestelakorik ere; gure curriculum propioa euskaraz jorratzen jarraitu nahi dugu; zentralizazioa eta uniformizazioa arbuiatzen ditugu, desberdintasunaren balioa ukatzen dutelako; ibilbideak, errebalidak… Lege hau gure ikastetxeen kalitatea okertzera datorrela uste dugu.
Horregatik Eusko Jaurlaritzari jarrera garbia eskatzen diogu lege honen aurka: ez digute balio mezu lasaigarriek, ez dela ezarriko esanez. Datorren ikasturtea hortxe bertan dago eta neurri zehatzak behar ditugu, ez mezu anbiguoak.
Euskal Eskola Publikoaren oinarri eta balioetan sinesten dugu eta ildo berean lan egiten jarraitu nahi dugu”.