EMKE eta orfeoiaren kontzertuaren aurkezpena
Larunbat honetan, hilak 5, EMKE Errenteria Musikal Kultur Elkarteko bandak kontzertua emango du, eta alboan, Europa mailan ospea lortu duen abesbatza bat edukiko du: Donostiako Orfeoia. Kontzertua 20:30ean hasiko da Fatimako Andra Mariaren elizan.
Banda 150 urte bete dituela ospatzen ari da aurten, eta ibilbide luze horretan hainbat kontzertu garrantzitsu izan dituela gogorarazi du Josu Mitxelena EMKEko presidenteak; horien artean, 1967. urtean bandak Donostiako Orfeoiarekin batera eman zuena Zumardian.
Horren haritik, orfeoiak bandaren deialdiari erantzun diola azaldu du Mitxelenak, eta asko eskertu du baietza emateagatik. Ildo beretik mintzatu da Carlos Rodriguez bandako zuzendaria ere, eta Europa mailako ospea duen abesbatza batekin jotzea “oparia eta ohorea” dela esan du.
Programaren gaineko xehetasunak Jose Antonio Sanz de Alfaro orfeoiko zuzendariak eman ditu, eta “egitarau zorrotza” izango dela azaldu du, bai maila koralean nahiz instrumentalean ere, “baina zer gutxiago EMKE eta orfeoia elkartuta”. Hala, honako piezak bildu dituzte: Jesus Guridiren
El caserío (bigarren ekitaldiko sarrera), Tomas Araguesen
Gallarda (lau espazio sinfoniko), Hans Zimmerren
Gladiator, Iñaki Urkizuren
Kantaldia, Jesus Guridiren
Eusko irudiak, Vicente Beobideren
Rapsodia vasca eta Alexander Borodinen
El príncipe Igor (danzas guerreras).
SarrerakDagoeneko eros daitezke kontzerturako sarrerak 10 euroan, eta hainbat bide daude. Zuzenean erostea Niessen kulturguneko leihatilan, Donostiako Casa Ervitin eta Bretxako merkatuaren alboko Pescados Conde dendan edota Internet bidez,
www.emkebanda.com-en.