Muga geografikoak
Robert D. Kaplanen azken liburua, La venganza de la geografía — Cómo los mapas condicionan el destino de las naciones — (RBA, 2013), nazioarteko erlazioen eta geopolitikaren inguruko liburu guztiz gomendagarria duzue.
Liburuaren ideia nagusia lerro gutxitan: geografiak estatuen bilakaera baldintzatzen du etengabe, mendez mende. Estatuen muga-lerro ofizialen aurretik fenomeno edo gertakari kulturalak leudeke eta hauen aurretik, berriz, ororen oinarri, gure inguruko itsaso, mendi, ibai eta aranak, non estatuak aurreko guztia txertatzen saiatzen dira. Are gehiago, egun Europa osoan bizi dugun tentsio politiko eta ekonomikoak sustrai geografiko sakonak dituela aditzera ematen du.
Kaplanen tesiak kuriositatea piztu eta ariketa sinple baten bidez Bidasoaldeari buruz ondorio batzuk azalerazteko balio izan dit.
1659 urtean Frantziako eta Espainiako Erresumek Faisaien Irlako Pirinioetako Ituna sinatu eta bi erreinuen arteko muga politikoa ofizializatu, eta Bidasoko bi isurialdeko euskaldunak bizkar ematera behartu zituztenetik, Hondarribiko, Irungo, Hendaiako eta Biriatuko biztanleok urruneko lurtzat izan ditugu mende luzez pareko herri eta mendiak.
Esango nuke, hego isurialdeari dagokionez, Hondarribia bera izan zela poliki-poliki, muga politikoen egonkortzearekin batera, herri estrategikoena izatetik isolatuena izatera pasatu zena. Iparraldetik itsasoa, mendebaletik Jaizkibel, ekialdetik Bidasoa eta hegoaldetik Irun mugatzat izateak, hau da, irteera errazena soilik Irunerantz izateak ondorioak izan ditu Hondarribiko herrian eta bere garapenean.
Pirinioetako Ituna sinatu geroztik Hondarribiak ikuspegi militarretik zuen interes estrategikoa galtzen joan zen, gero eta merkatariagoa eta estrategikoagoa bilakatzen joan zen Irunen mesedetan. Txingudiko padurak, Hondarribia aldean baino, Irungo Behobia auzoan estuagoak eta itsasotik babestuagoak izateak, Pirinoetako mendebaldeko pasabidea Irunen kokatzea ahalbidetu zuen.
Une honetatik bi herrien etorkizuna guztiz baldintzatuta geratu zen. Iruni, baldintza geografikoak aldeko izanik, industria iraultzaren eta garraiobideen iraultzaren eta honek guztiak zekartzan ondorioak bizitzea tokatu zitzaion.
Hondarribiak, berriz, ez zuen iraultzarik ezagutu; ez industria iraultzarik, ez garapen sozio-ekonomiko berezirik ere, garai bateko arrantza sektorearen loraldi mugatua eta honi lotutako ontzigintza eta azken hamarkadetako turistifikazioa salbu.
Irunen auzoak handitzen, langileak erakartzen eta garaian garaiko mugimendu laboralak, politikoak eta sozialak areagotzen joan ziren bitartean, Hondarribia, aldaketa guzti hauetatik at geratu zen bere errealitate geografikoaren ondorioz.
Bitxikeri geografiko bat: baldintza geografikoak alde izanagatik eta industri iraultzaren eraginez klase kontzientzia pertsonen jatorriari gailendu zitzaiolako edo, Irunen, Errenterian, Pasaian, Donostian eta abarretan herritarrek beren herriko gentilizioa bizileku duten auzoarekin lotu izan duten bitartean (San Miguel, Anaka, Landetxa, San Pedro, San Juan, Beraun, Gros, Antiguo, Egia…), Hondarribian auzoekin baino jatorri geografikoarekin lotu izan dute beren gentilizioa: baserritarrak, portuarrak eta kaletarrak.
Aldiz, udal politikek baldintza geografikoak eragindako gabezia nagusienei erantzun beharrean, udal zerbitzu politikak geografikoki urrun bizi diren beste laugarren batzuei zuzenduak izan zaizkio bereziki: udazaleei.
Kaplanek dion bezala: «La geografía determina, el hombre dispone!».