Lidia Yarzak zilarra lortu du Espainiako Txapelketan
Lidia Yarza judoka hondarribiarrak zilarrezko domina lortu zuen igandean Villaviciosa de Odon (Madril) herrian egin zen Espainiako Gazte Mailako Txapelketan, +78 kiloetan. Kadete Mailan bi aldiz geratu zen Yarza bigarren Espainiako Txapelketan eta emaitza berdindu du Gazte Mailako lehen urtean. Finalera iristeko bi borroka gainditu zituen Yarzak —lehen fasean aurrera egin zuen borrokatu gabe—. Lorena Veiga nafarraren kontra jokatu zuen finala eta hor bukatu zen hondarribiarraren urrezko ametsa, borroka bukatzeko 40 segundo falta zirenean. Ordurarte aurretik zihoan Yarza.
Yarzarekin batera, Ama Guadalupekoa Judo Taldeko beste kide batek bidaiatu zuen Madrilera Euskadiko selekzioarekin, Iker Otegik (-66 kilo). Gazte Mailan lehen urtea du Otegik baina txapelketa oso ona egin zuen, berak baino eskarmentu gehiago duten judoken kontra. Lehen bi borrokak irabazi zituen eta, hirugarrena galduta, errepeskan aritzeko aukera izan zuen. Beste bi lehiatan nagusitu zen Otegi, eta brontzezko dominatik urrats bakarrera geratu zen, bosgarren postuan.
Eskualdeko gainontzeko kirolariei dagokienez, Koldo Jauregi irundarrak zilarra jantzi zuen -100 kiloetan eta Xabier Cazorla lezoarra brontzezkoa (-73 kiloetan). Peio Cazorla oreretarra (-100) lehen borrokan erori zen eta ezin izan zuen errepeskara sartu. Gauza bera gertatu zitzaion, nesketan, Maitane Herrero irundarrari.