Aitor Kerejeta Hondarribiko Alkateak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztuko ez dela jakinarazteko. Gobernu Taldeko kideekin batera egin du agerraldia Kerejetak: "Kargu publikoak ez dira betirako egon behar bere postuetan eta horregatik erabaki dut berriz ere ez aurkeztea" esan du.
Aitor Kerejeta alkatea
Aitor Kerejeta Hondarribiko Alkateak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztuko ez dela jakinarazteko. Gobernu Taldeko kideekin batera egin du agerraldia Kerejetak: “Kargu publikoak ez dira betirako egon behar bere postuetan eta horregatik erabaki dut berriz ere ez aurkeztea” esan du.
Gaur eman du ezagutzera albistea komunikabideen aurrean, baina aurretik alderdian erabakiaren berri bazuten: “Lehen momentu batean hausnarketa guztiz pertsonala lasaia izan da; ondoren hausnarketa EAJ alderdiarekin partekatu da. Nereganako izan duen jarrera eskertu nahi diot alderdiari. Hala ere, hau ez da agur bat oraindik, oraindik urte bete falta delako hauteskundeetarako, hau da, legealdi laurdena”.
Alkateak azaldu duenez, jarraitzeko ilusioa, indarra eta ideiak baditu, baina alkate postuan erreleboa behar dela uste du: “Hartutako erabakia ez da ez nekea, ezta ilusio faltaren ondorioa eta gutxiago ere egitasmo berrien falta. Nere ustez, hau bezalako kargu batean, ez da komeni kargu berean mugarik gabe irautea. Lehenik eta behin zintzoa izan behar da bakoitzarekin, gerora inguruan daudenekin zintzoa izateko. Erabaki errazena karguan jarraitzea izango litzateke baina ez egokiena”.
Badira aste batzuk hautagai berria hautatzeko prozesua abiatu zutela EAJk eta dagoeneko ezaguna da heldu diren udal hauteskundeetan jeltzaleen alkategai izango denaren izena. Txomin Sagarzazu izango da, egungo udal gobernuan hainbat ardura dituena: bigarren alkateordea eta Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirola, Gazteria eta Prebentzio Komunitario arloetako zinegotzia da Sagarzazu.