Elkartasuna paparrean
Gaur herritar asko eta asko ikusi dira goizean paparrean pegatina bat zutela: elkartasun hilabetearekin bat egin duten seinalea. Izan ere, goiz partean hainbat elkarteren laguntzarekin diru bilketa egin dute Trintxerpen Urtezahar gauean izandako sutean kaltetutako familientzat.
Kaleak ere girotu dituzte hainbat taldek, eta besteak beste, Oarsoirriak batukada taldearen musika entzun ahal izan da. Lagunak txaranga, Amulletako Danbor Kofradia, Mundo Animado eta Aljarafe eta Monfragueko abesbatzaek ere parte hartu dute.
Zumardian, berriz, txekorra erretzen ari dira Euskaldarrak elkarteko kideak, gero, 19:00etatik aurrera jan ahal izateko.
Horrez gain, 17:00etan, haurrentzako elkartasun jaia egongo da Zumardian.
‘Herritmo’, bihar, 18:30ean
Bihar bukatuko dira elkartasun hilabetearen barruko ekintzak, Kukai dantza konpainia, Oreka TX eta Kalakan-en Herritmo ikuskizunarekin. Ostiraleko HITZAren alean, ordutegia gaizki jarrita zegoen Agenda atalean, eta ez da 19:30ean, 18:30ean baizik. Galtzarabordako kiroldegia bete egingo da, sarrerak agortu baitira.