Jai eremua Urdanibiatik ateratzearekin ez daude ados bertako ostalari eta merkatariak
Kezkatuta daude Irungo Urdanibia inguruko merkatari eta ostalariak, gobernu taldearen asmoa delako festetan bertan jartzen dituzten txosnak, eta egiten diren ekitaldiak (kontzertuak, bazkariak eta bestelakoak) Ficobara eramatea. Izan ere, obretan dago Urdanibia, eta udalak dio bertan ezingo direla egin jaien barruko ekitaldiak.Horri ekiditen saiatzeko sinadurak bilduko dituzte, atxikimendu bila.
Horren harira, bilera egingo dute Mosku inguruko ostalari eta merkatariek udaleko hainbat zinegotzirekin apirilaren 7an. Orduan euren jarrera zein izango den adostua dute, hiru puntuko agirian. Batetik, udalari esan nahi diote ez duela bete bere hitza, esan baitzuen “ahal den guztia” egingo zuela jaietan Urdanibiako eremua mantentzeko, edo txosnak eta ekitaldiak inguruan egiteko. Bigarrenez, uste dute Ficobara jaigunea eramateko aukera birplanteatu daitekeela, eta horren gaineko azterketa abian jartzeko eskaera egingo dute.
Hirugarrenak alardearekin du harremana. Udalak ziurtatu omen du alarde pribatuaren arrankada bertatik egingo dela, “eta hori egiteko plaza prest badago, beste ekitaldietarako ere egokitu daiteke”, esan dute komertziante eta tabernariek.
Plazaren inguruan negozioak dituztenek bere egiten dute Urdanibia ingurua biziberritzeko beharra, baina lanek eurengan eragin txarra dutela uste dute, are gehiago jaietako ekimenak handik ateratzen badituzte, “egoera zailean gaude, eta jaietako ekitaldiak bertatik ateratzeak hilzorian utziko gintuzke”. Hala, udalaren borondate ona eskatu dute egoerari aurre egiteko, eta ostalari eta komertzianteak apirilaren 7rako bilerara “jarrera eraikitzailearekin” joango direla ziurtatu dute.