Diaz, Mendoza eta Ferradas
Ez dute lortu akordiorik. Hondakinen Batzordeak bere bidea bukatu zuen atzo eta ez du adostu hondakinen bilketa nolakoa izango den. Luisma Diez Hiri Mantenuko zinegotziak, Jose manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak eta Julen Mendoza alkateak eman dute horren beri gaur goizean egindako agerraldian. Diezek azaldu duenez, PSE-EE, EAJ eta PP taldeek bosgarren edukiontziaren aldeko apostua egin dute, borondatezkoa eta giltzarekin erabiltzekoa, “sistema horrek ordea frogatu du Urnietako kasuan mugatua dela, ez duela balio guztiok partekatzen dugun helburua lortzeko”. 2016. urterako %60a birziklatzea da Hondakinen Batzordeak jarria duen helburua eta egun errenteriar bakoitzak 300 kilo hondakin sortzen ditu urtean.
Bosgarren edukiontzia eta errefusa biltzeko edukiontzia jartzekoaren aldekoa da Gobernu taldea. “Edukiontzi marroiak txipa izango luke eta errefusarenak giltza, Errenteriako biztanleek soilik erabili ahal izan dezaten”, azaldu du Hiri Mantenuko zinegotziak, edukiontzi marroiak txipa izateak nork erabiltzen duen jakiten laguntzen duela gaineratu du eta ondorioz, etorkizunean zerga politika aurrerakoiak ezartzeko aukera eman dezakeela.
Borondatezko bosgarren edukiontzia jarri aurretik jarraipen mahaia eratu beharra dagoela argi du, bestalde, gobernu taldeak, “2016rako ezarritako %60ko helburua bete ezean inflexio puntuak eta egoera zuzentzeko neurriak finka ditzan”.
Gobernu taldearen konpromisoak
Akordioa lortu ez badute ere gobernu taldeak lanean jarraituko duela azaldu du Ferradasek hondakin gutxiago sortzeko politikak bultzatzen. Horren harira, Hondakinen Prebentziorako Errenteriako I. Plana alderdi politiko eta auzo elkarteetara epe laburrean helaraziko dutela jakinarazi du “eztabaidatu ahal izateko”. Gobernu taldearen beste konpromisoa, zaborren eta hiri hondakin solidoen bilketarako udal ordenatza berrikustea eta eguneratzea da. Kanpaina ere abiatuko du udalak hondakinen bilketaren gainean sentsibilitatea lantzeko.
Hondakinak ondo bereizi eta birziklatzea zure esku dago izenarekin maiatzean jarriko du martxan. Azkenik, konpostajea sustatuko duela udalak azaldu du Ferradasek, “banakakoa zein taldekakoa”. Horretarako Agustinak, Gaztaño eta Fanderiako puntuak martxan jartzeaz gain, beste bi konpostaje puntu lizitatu eta eraikitzea aurreikusi dute.
2013ko abendutik hona sei bilera egin ditu Hondakinen Batzordeak eta bide horretan Bildu koalkizioak “esfortzu handia” egin duela esan du Mendozak akordiotara heltzeko: “Hondakinen taldeak egindako proposamena asumitu eta bosgarren edukiontzi derrigorrezkoaren alde egin genuen, baina ikusita ez zuela aurrera egiten batzordeak eta oposizioak ez zuela horren alde egiten, derrigorrezkoa izan beharrean borondatezkoa izatea onartu genuen. Urnietakoak ez duela esperotako emaitzik lortu ikusita, aztertu da epe bat jartzea eta espero ditugun emaitzak ez badira lortzen beste modu bateko bilketa egitea, baina posizioak berdin mantendu dira, eta ez da akordorik lortu”.
Zein ezaugarri izango dituen zehazteko badago ere, txipduna edo giltzarekin erabiltzekoa, bosgarren edukiontzia jarriko dute Errenteria-Oreretan udal ordenantza berrikusita. Horretarako ordenantza berria onartu beharko duela udalak azaldu du Mendozak, “udara aurretik izango dela espero dugu”.