Apaiziartza proiektuari elkartasuna dierazi dio AHTren aurkako taldeak
Oarsoaldea, Bidasoa eta Donostiako AHTren aurkako taldeek elkartasuna adierazi diote Apaiziartzako lurrak lantzen dituen taldeari eta azken hilabeteetan izan dituzten erasoak salatu dituzte, halaber. Apaiziartzako lan-taldea etengabeko erasoak eta mehatxuak jasaten ari dela eta egoera “larri” horren aurrean, Gaintxurizketan aurrera eramaten ari diren iniziatiba kolektiboari sostengua eman eta eraso horiek gelditzeko deialdiarekin bat egin dute.
Orain bi urte jarri zutela martxan Apaiziartza proiektua ekarri dute gogora AHTren kontrako taldetik: “Gaintxurizketako baserri lurrak proiektu txikitzaileen aurrean defendatzeko helburuarekin jarri zuten martxan. Izan are, Gaintxurizketan garraioaren zerbitzurako poligonoen hedapen bortitza planifikatu zuen aurreko aldundiak, Jaizkibelgo Superportuarekin batera, eta Jaurlaritzak gaur egun AHTren egitasmoari loturiko plataforma logistikoa eraikitzeko asmoa du. Hori gutxi balitz, Gaintxurizketan osotara 200 hektareako “parke logistiko-industrial” baten ezarpena aurrikusten zuten Donostialdea-Bidasoa Behea Zatikako Lurralde Planak (PTP) eta Donostia-Baiona Eurohiriaren azpiegituren arloko egitasmoek. Horrek nekazaritzako ingurune baliotsu honen eta 20ren bat baserriren suntsiketa ekarriko luke”.
Apaiziartzan eta Gaintxurizketako Errekalden aurreko diputazioak erositako lurrak lantzeko ekimen kolektiboa abian jarri zela eta egindako lanari esker hiru kontsumo talde hornitzen direla egun Gaintxurizketa inguruan landutako baratzetatik gaineratu dute, bestalde.