Abian da San Pedron barrutiko gizarte eta kultur azpiegituren gaineko parte hartze prozesua, eta larunbaterako bigarren parte hartze saioa deitu dute. 10:00etatik 13:30era bilduko dira, udal aretoan. Antolatzaileek parte hartzeko deia zabaldu dute.
San Pedroko eragileak eta herritarrak ari dira parte hartze prozesuan, Pasaiako Udalarekin, eta Elhuyar Aholkularitzak gidatuta. San Pedroko behar soziokulturalen diagnosia egin eta dauden beharrak asetzeko azpiegiturak zehaztea da parte hartze prozesuren helburua. Prozesu horren barruan, etziko saioan, behar soziokulturalak nola ase daitezkeen baloratuko da, eta horretarako beharrezkoak diren ekipamenduak, baliabideak eta horien ezaugarriak zehaztuko dituzte. Halaber, etorkizuneko azpiegituren ezaugarriak zehazteko bidean jarriko direla iragarri dute.
Lehen saioa, giro onean
Lehengo martxoaren 15ean egin zuten lehen saioa, eta udal gobernuko iturrik aditzera eman dutenez, 35 herritar bildu ziren, San Pedroko kultur eragileak zein norbanakoak, eta oso adin tarte desberdinetakoak. “Hasierako beldurrak eta mesfidantzak berehala lausotu, eta bilera oso giro onean bukatu zela jakinarazi dute. Parte hartu zuten lagunek batzarraren amaieran oso balorazio ona egin zutela esan dute udaleko iturriek.
Lehen bileran San Pedrok kultur arloan bizi duen egoeraren argazkia egin zuten. Bilerako akta
udalaren webgunean zintzilikatuko dute aurki, bertaratzerik izan ez zutenek bilerak emandakoen berri izan eta ekarpenak egiteko aukera eduki dezaten.