PSE-EEren iritziz Bilduk ez du badia biziberritzeko proiekturik
PSE-EEren iritziz, “krisi ekonomikoak kanpo kaiaren egitasmoa alde batera utzi duenean” agerian geratu da “Bilduk ez duela Pasaialdea biziberritzeko proiekturik”. Legegintzaldi osoan badia biziberritzeko jardunbiderik aurrera ez atera izana leporatu diete PSE-EEkoak foru gobernuari, eta, babiak bultzadaren premia duela esan diote. “Pasaialdea alde batera utzi” dutela uste du PSE-EEk, eta horrekin batera “Gipuzkoako zonalderik behartsuena, langabeziaren, bazterketa sozialaren, eskola porrotaren, eta jarduera ekonomikoaren suntsipenaren paradigma”.
Horrez gain, “lurralde desoreka” eragin izana leporatu diete Bilduri eta EAJri. PSE-EEren iritziz “diputazioak udalerri handiak ez ditu ongi tratatu,” eta txikien eta handien arteko oreka bilatzeko eskatu diote, “handiek askoz ere zerbitzu gehiagori aurre egin behar izaten dietelako bitarteko askoz ere gutxiagorekin”.