Laukene soka laukoteak eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da bihar Pasaitarra Musiak Bandak antolatutako musika zikloaren bigarren eta azken zatia. 20:30ean hasiko da kontzertua, San Fermin parrokian. Laukene laukotea 2012an eratu zuten, Elena Escalzak sustatuta. Juan Gomollon eta Iñigo Armentia biolin jotzaileek, Maite Colás biola jotzaileak eta Miguel Blanco cello jotzaileek osatzen dute laukotea.
Etzi, berriz, jazz kontzertua izango da, The Funhouse Project taldearekin. Jazz kontzertua kultur etxean izango da, 20:00etan. Inguruko jazzaldi eta blues jaialdietan parte hartu izan du taldeak, eta eskainiko duten errepertorioan pasa den mendeko 50. hamarkadan sortu zen hard-bop estiloko hainbat kanta topa daitezke, baita jazz-standard klasiko batzuk, eta hainbat konposizio original ere. Taldeko partaideak dira Ibon Irijoa, (Saxo tenorra), Nacho Fernández (gitarra), Mikel Núñez (pianoa), Jesús García (kontrabaxua), eta Felix Oviedo (bateria).
Igandean bukatuko da musika astea, bi kontzerturekin. Eguerdian Illunbe Musika Bandak Gure Zumardian joko du, 13:00etatik aurrera, eta iluntzean, Ganbara Txiki Abesbatzak, San Fermin elizan, 19:30ean emango duen kontzertuarekin.